Mundua -
Telebista publikoaren itxiera
Greba orokorra Grezian, telebista publikoa ixtearen kontra
Langileek telebistaren eraikina okupatu, eta informazioa ematen jarraitzen dute, beste kate batzuek utzitako kanalen bitartez.
Erredakzioa
Grezian, greba orokorra deitu dute gaurko, ERT telebista publikoaren itxieraren kontra. Langileek katearen egoitza nagusia okupatu dute, nahiz eta asteazkenetik ofizialki itxita egon.
Aurten egin duten hirugarren greba orokorra da, eta bi sindikatu nagusiek deitu dute: ADEDY sektore publikokoa eta GSEE sektore pribatukoa. Horien ustez, telebista publikoa itxita, Gobernua "autoritarismora" hurbildu da.
"Telebistako langileekiko elkartasuna adierazi eta sektore publikoan egin nahi dituzten erreforma onartezinen kontra egin nahi dugu", azaldu du Illias Ilipoulos ADEDY sindikatuko bozeramaileak.
Gobernuak asteartean erabakia hartu eta ordu gutxira, ERTk emititzeari utzi zion. Simos Kedikoglou Gobernuko bozeramaileak esan duenez, "emisioa ahalik eta lasterren etetea erabaki genuen, langileek Estatuaren ekipamendua apurtuko zutela uste genuelako".
(Telebista publikoko langileek okupazioarekin jarraitzen dute. Argazkia: EFE)
Kedikoglouren arabera, duela sei aste hartu zuten ERT telebista katea ixteko erabakia, eta, baieztatu duenez, aste gutxi barru edo, gehienez, udazkenaren amaierarako, kate horren "bertsio txikiago bat" abiatuko dute. "Ez dugu ERT itxi, horren operazioak denbora batez eten ditugu, hura konpontzeko eta modu egokiago batean funtzionarazteko", esan du.
Troikak (Europar Batzordea, Europako Banku Zentrala eta Nazioarteko Diru Funtsa) ezarritako baldintzak betetzeko, Greziako Gobernuak 2.000 funtzionario kaleratu behar ditu aurten, eta beste 15.000 hurrengo urtean.