Mundua -
Espioitza
AEBek milioika herritarren deiak erregistratu dituzte, ezkutuan
The Guardian egunkariak zabaldu duenez, Verizon telefono konpainiak dei guztiei buruzko informazio "jarraitua" eman behar dio Gobernuari, epaile baten emandako agindu sekretu baten ondorioz.
Erredakzioa
AEBetako Segurtasun Agentzia Nazionalak (NSA) Verizon telefono konpainiaren milioika bezeroren deiak erregistratzen ditu egunero, epaile batek emandako agindu sekretu baten ondorioz, The Guardian egunkariak zabaldu duenez.
Egunkariak agindu horren kopia bat publikatu du bere webgunean. Apirilean sinatuta dago, eta, horretan, epaileak NSAri dei guztiei buruzko informazio "jarraitua" emateko agindu dio Verizon enpresari, deiak AEB barrukoak zein kanpokoak izan.
Agiri horrek frogatu egin du, lehen aldiz, Barack Obama presidentearen Gobernuak AEBetako milioika pertsonari espioitza sistematikoa egin diela, telefono deien egileek eta hartzaileek deliturik egin duten kontuan hartu gabe.
Hain zuzen ere, AEBetako Gobernuak komunikazio horiek hiru hilabetez erregistratzeko baimen judiziala du, hots, uztailaren 19 arte. Tarte horretan, Verizon konpainiak telefono dei guztien egilearen eta hartzailearen zenbakiak, lekua eta iraupena eman behar dizkio NSAri. Ez, ordea, solasaldiaren beraren edukia.
George W. Bush presidentearen garaian, NSAk deiak erregistratzen dituela esan zieten inteligentzia arloko hainbat funtzionariok kazetariei, baina orain, lehen aldiz, frogak lortu dituzte, eta Obamaren Gobernuak ere espioitza egiten jarraitu duela erakutsi dute.
Oraingoz ez dakite Verizon den agindu hori jaso duen enpresa bakarra, ezta auzi bakana den ere, edo gehiagotan egin ote duten.