Mundua -

Lurrari buruz

Akordio historikoa, Kolonbiako Gobernuaren eta FARCen artean

Kolonbiako Gobernuak eta FARCeko gerrillak lurrari buruzko akordioa lotu dute, izan ere, hori baitzen, hain justu, bakea lortzeko eztabaidatu beharreko hasierako gaia.

Ivan Marquez FARCeko kidea, akordioaren berri emateko prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Ivan Marquez FARCeko kidea, akordioaren berri emateko prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
FARCek eta Kolonbiako Gobernuak lurren inguruko akordioa lortu dute

2:25

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kolonbiako Gobernuak eta FARCeko gerrillak lurrari buruzko akordioa hitzartu dute. Bakea lortzeko eztabaidatu beharreko hasierako gaia zen lurraren auzia.

Habanako Batzar Jauregian izandako ekitaldi batean eman dute akordioaren berria, Kuban. Kolonbiako Gobernuaren hainbat ordezkari, FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileetako zenbait kide, eta prozesua bermatzeko Kubako, Norvegiako, Venezuelako eta Txileko hainbat bitartekari izan dira bertan.

Gobernuak eta gerrillak hainbat auzitan lortu dute adostasuna, tartean, lurraren sarrera eta erabilpena, lur antzuak, jabetzaren formalizazioa, nekazaritza-muga eta Erreserba Zonaldearen babesa.

Bilera-sorta

"Kolonbiako nekazaritza berri baterantz: nekazaritza erreforma osoa" izenburuko akordioak "demokraziak eta justiziak lagunduta, Kolonbiako nekazal errealitatearen eraldakuntza erradikala ekarriko du", bi aldeek zabaldutako ohar baten arabera.

Ituna "herritarretan eta ekoizle txikian oinarrituta dago, pobreziaren aurka borrokatzeko lurren banaketa hobetzeko eta lur-ekonomia berpizteko asmoz". Beste helburuetako bat "gatazkaren ondorioei buelta ematea izango da, biktimei kendutakoa itzultzeko".

Horrela, bederatzigarren elkarrizketa-sortari amaiera eman diote Gobernuak eta FARCek. Hurrengo bilera-sorta ekainaren 11an hasiko da eta, bakea lortutakoan, Kolonbiako bizitza politikoan gerrillaren parte-hartzeari buruz mintzatuko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea