Mundua -
Tornadoa
Erreskate taldeak hondakinak arakatzen ari dira Oklahoman, bizi bila
Orain arte, 100 pertsona baino gehiago erreskatatu dituzte. Hildakak 24 izan dira azkenean.
Erredakzioa
Erreskate taldeak eta kamera termikoak dituzten hainbat helikoptero asteleheneko tornadoak utzitako hondakinak arakatzen ari dira Oklahoman (AEB), harrapatuta egon litezkeen pertsonak salbatzeko.
Orain arte, 100 pertsona baino gehiago bizirik erreskatatu dituzte.
Tornadoa hiru kilometro zabalekoa izan zen, eta azkenean 24 pertsona, tartean 9 ume, hil zituen, hasieran biktimak 91 izan zirela esan bazuten ere.
Guardia Nazionalaren 180 militarrek bat egin dute erreskate lanekin, eta kaltetutako eremuak helikopteroz miatzen ari dira, kamera termikoekin.
Mary Fallin Oklahomako gobernadorearen esanetan, etxeak "suntsituta" daude.
Kalteak aztertu eta gero, AEBetako Meteorologia Zerbitzuak larritasun maila gorenera, hots, EF-5era, igo du tornadoa, 320 kilometro orduko haizeteak izan zituelako. Hasieran, EF-4 kategoria ezarri zioten.
Barack Obama AEBetako presidenteak berak ere aitortu du asteleheneko tornadoa "inoizko suntsitzaileenetakoa" izan zela.
Agintariak hondamendi eremu izendatu du Oklahoma, eta Craig Fugate Larrualdien Kudeaketarako zuzendaria eta Janet Napolitano Segurtasun idazkaria bertara bidali ditu.