Mundua -

AEB

Tornado suntsitzaile batek Oklahoma astindu du

Tornadoa erraldoia izan da, hiru kilometroko diametroa izan du, eta orduko 320 kilometroko haize ufadak eragin ditu.

Tornado Oklahoma 2013. EiTB
Tornado Oklahoma 2013. EiTB
Tornado bortiz batek dozenaka hildako eragin ditu, Oklahoman

2:09

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oklahoma City (AEB) astindu du tornado erraldoi batek. Hiru kilometro baino gehiagoko diametroa izan du eta Newcastle eta Moore herrien arteko 32 kilometroko eremua suntsitu du 40 minutuan.

Agintarien azken datuen arabera, 24 pertsona hil dira. Hasiera batean 91 pertsona hil direla esan ondoren, kopurua 51ra jaitsi dute geroago, eta, azkenean, 24 pertsona hil direla berretsi dute.

Hala ere, erori diren eraikinetako hondakinen artean oraindik ere gorpuak daudela zehaztu dute agintariek. Hiru izan ezik, hildako guztiak identifikatu dituzte jada, eta gorpuak senitartekoei eman dizkiete.

Tornado erraldoia

Tornadoak hiru kilometroko zabalera izan du, eta, 40 minutuz, 32 kilometroko ibilbidea egin du, Newcastle eta Moore herrien artean. Ehunka etxe, bi eskola, ospitale bat eta zinema-areto bat suntsitu ditu. EF4 kategoriakoa izan da, hau da, larrienetan bigarrena.

1999. urtean, beste tornado batek Moore herria birrindu zuen, eta 41 pertsona hil ziren. Oraingoan, Briarwood eskola irentsi du herri horretan.

"Twister pelikulan bezala izan da: zaldiak hegan ari ziren nonahi", esan du ikasle batek KFOR telebista katean.

Barack Obama AEBetako presidenteak Mary Fallin Oklahomako gobernadorearekin hitz egin du, telefonoz, eta kezka agertu dio, Etxe Zuritik jakinarazi dutenez.

Gainera, Obamak hondamendi eremu izendatu du Oklahoma. Horren ondorioz, kaltedunak artatzeko eta aterpea emateko baliabideak bideratu ahal izango dituzte.

"Oklahomako herritarrak gure otoitzetan daude", esan dio presidenteak Mary Fallini.

Igandetik astelehenerako gauean, beste hainbat tornado sortu ziren estatu horretan, eta gutxienez bi pertsona hil ziren.

Egunotan, ekaitz tornado-sortzaile ugari daude AEBetako erdialdean, eta agintariek alerta ezarri dute Texastik (herrialdearen hegoaldea) Aintzira Handietara (iparraldea).

Joan den astean, sei pertsona hil ziren Granbury herrian (Texas) eta inguruetan, tornadoen ondorioz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea