Mundua -
Clevelandeko bahiketa
Ariel 'kartzelan usteltzea' nahi dute Castroren anaiek
Sukaldean bakarrik egoten uzten ziela azaldu dute. Atxiloketaren ondoren erasoak eta mehatxuak jaso dituzte Pedro eta Onil anaiek.
Erredakzioa
Ariel Castro ''munstro'' bat dela eta ''kartzelan usteltzea'' espero dutela esan dute Pedro eta Onil Castrok, akusatuaren anaiek. Hamar urtez Clevelandeko (Ohio) etxebizitza batean hiru neska bahituta izan eta bortxatzeagatik atxilotu zuten joan den astean Ariel Castro, Pedro eta Onilen anaia.
Hamar urte horietan, Arielen etxera joaten ziren bakoitzean, akusatuak sukaldean bakarrik egoten uzten ziela azaldu dute bi anaiek, astelehen honetan CNN katean emititu duten elkarrizketa batean.
Etxebizitzaren gainerako gelak gortinez estalita izan ohi zituen, hotza aitzakia jarrita. "Ez nion bisita askorik egiten, baina inoiz ez zidan sukaldetik barrura joaten uzten'', azaldu du Pedrok. ''Gasaren faktura dela-eta sukaldea bero mantendu nahi zuela esaten zuen; eta beti izaten zuen telebista edo irratia piztuta; ezin zenuen ezer entzun'', gaineratu du.
Berryren alaba ikusi zuten
Zenbaitetan, bi anaiek Ariel ikusi zuten etxearen kanpoaldean, 6 urteko neskarekin batera. Arielek, ordea, ''bere neska-lagun baten alaba'' zela esaten omen zien.
Ginaren aita ezagutzen zuten
Elkarrizketa horretan azaldu dutenez, Felix DeJesus Ginaren aita ezagutzen zuten Ariel Castroren bi anaiek. ''Beti galdetzen nion: Oraindik zantzurik ez? Jakin gabe, noski, munstro horrek bere etxean zituela'', azaldu du Onilek.
"Jakin izan banu, salatu egingo nuen, nire anaia izanda ere'', gaineratu du Pedrok.
Mehatxuak jaso dituzte
Arielekin batera, Pedro eta Onil anaiak atxilotu zituzten hilaren 6an, baina ostegunean bertan aske geratu ziren, ikerketako arduradunen ustez ez baitira bahiketaren konplize. Hiru egun horietan, baina, bi anaien argazkiak mundu osoan zabaldu ziren. Ondorioz, beren etxeei harrika eraso egin diete eta Internet bidez mehatxuak jaso dituzte bi anaiek. Clevelandeko bere etxebizitzak utzita, toki ezezagun batera eraman behar izan dituzte.