Mundua -
80 urteko espetxe-zigorra
Rios Montt diktadore ohia genozidiogatik epaitu dute Guatemalan
Arrisku Handienaren Epaitegiaren aburuz, 1932 eta 1983 urte bitartean Armadak hildako 1.771 indigena ixilen heriotzaren erantzule da buruzagi ohi guatemalarra.
Erredakzioa
Arrisku Handienaren Epaitegiak 80 urteko espetxe-zigorra ezarri dio Jose Efrain Rios Montt Guatemalako diktadore ohiari, genozidio eta gizateriaren aurkako delitua leporatuta. Epaitegi horren aburuz, 1932 eta 1983 urte bitartean Armadak hildako 1.771 indigena ixilen heriotzaren erantzule da buruzagi ohi guatemalarra. Jose Mauricio Rodriguez Sanchez Inteligentzia Militarraren buruzagi ohia, ordea, absolbitu dute.
Jazmin Barrios epaitegiko presidenteak dioenez, Rios Monttek genozidiogatik 50 urte beteko ditu kartzelan, eta gizateriaren aurkako krimenengatik beste 30 urteko emango ditu espetxean. Epaitegian zeudenek bero txalotu dute ebazpena. Bariosek azpimarratu duenez, "Guatemalan bakea lortzeko, aldez aurretik justizia izan behar dugu".
Tratu ankerra
"Ixilen aurkako ekintzak ez zIRen bat-batekoak izan, aldez aurretik prestatu zituztelako", esan du Barriosek, "Rios Monttek herritarrei tratu krudela ematea baimendu du. Akusatuak jazotakoaren berri zuela eta hura ekiditeko ezer egin ez zuela uste dugu".
"Rios Monten jarrerak genozidioaren egilea dela utzi du agerian, ez du logikarik buruzagi ohiak Quicheko herrixkan gertatzen ari zenaren berri ez izatea", nabarmendu du epaitegi horren presidenteak 'Prensa Libre' Guatemalako kazetak jaso duenez.
Atzerapenik gabe sartuko dute kartzelan Rios Montt. Epaileak azpimarratu duenez, ebazpen horrek "egia omentzen du, eta iraganaren zauriak sendatzen lagunduko du".