Mundua -
Cleveland, AEB
Ariel Castro da Amanda Berryren alabaren aita
Castrori eta 6 urteko neskatoari egin dizkieten DNA frogek baieztatu dute.
Erredakzioa
Ariel Castro da Amanda Berryren alabaren aita, Fiskaltzak baieztatu duenez. Hamar urtez Clevelandeko bere etxebizitzan hiru neska gazte bahituta izatea leporatuta atxilotu zuten Castro. Bahituta zegoela izan zuen Berryk 6 urteko alaba.
Ohiko Fiskal Nagusiaren Bulegoak jakitera eman duenez, Castrori eta 6 urteko neskatoari egin dizkieten DNA frogek baieztatu dute aita dela.
52 urte ditu Ariel Castrok, eta, orain arte, ez dute inolako deliturengatik zigortu. Atxilotua izan ondoren, Cuyahoga eskualdeko espetxera igorri dute.
Heriotza zigorra eskatuko dute
Thomas McGinty fiskalak adierazi duenez, Ariel Castrori, Clevelandeko bahiketen eta bortxaketen susmagarri nagusiari, heriotza zigorra ezartzea eskatuko du. Hamar urtez hiru emakume etxean bahituta izatea eta bortxatzea leporatzen diote Castrori.
Fiskalak hainbat hedabide estatubatuarrei adierazi dienez, Ohioko legeek "bahiketa batean homizidio larriagotua egin duten gaizkileei" heriotza zigorra ezartzeko aukera jasotzen dute.
Hala, McGintyk azaldu duenez, Ariel Castrori heriotza zigorra ezartzea eskatuko du. 10 urtean bahituta izan zituen hiru gazteei ustez egindako abortuak homizidio larriagotutzat jota. Hiru neska gazteek abortuak izan zituzten, bizi baldintza txarrengatik eta bahitzaileak emandako jipoiengatik.
Ariel Castrok atzo deklaratu zuen lehen aldiz epailearen aurrean. Burua makurtuta egon zen bertan, eta bere abokatuari bakarrik hitz egin zion, ahapeka.
Joan den astelehenean askatu zituzten Michelle Knight (32), Amanda Berry (27), Gina De Jesus (23), eta baita horietako batek bahiketak iraun duen bitartean izan duen sei urteko alaba ere. Auzokide batek entzun zituen oihuen ondorioz lortu zuten neskak askatzea.
Biktimak nola bahitu zituen kontatzen du Castrok eskutitz batean
FBIk gutun bat aurkitu du Ariel Castroren etxebizitzan, bertan biktimak nola bahitu zituen dago idatzita.
CBS telebista kateak bere webgunean argitaratu duenez, eskutitza 2004an idatzi zuen, eta Castrok bere buruaz beste egiteko asmoa zuela ere agertzen da bertan.
Clevelandeko bahiketen susmagarri nagusiak bere bizitzako pasarterik esanguratsuenak kontatzen ditu gutunean, baita umetan gurasoengandik jasandako ustezko gehiegikeriak ere. Osaba batek bortxatu egin zuela ere idatzi zuen bertan.
Clevelandeko WOIO telebista kateak, berriz, eskutitz horretan Ariel Castrok bere burua "sexu harraparitzat" jotzen duela zabaldu du eta laguntza beharra zuela ere esaten omen du.