Mundua -

Cleveland, AEB

Sokak eta kateak aurkitu dituzte neskak bahituta izan zituzten etxean

Agintariek baieztatu dutenez, lotuta egon ziren Amanda Berry, Georgina DeJesus eta Michelle Knight neskak, ''gatibualdiko tartea batean behintzat''.

Clevelandeko Poliziaren lana ezbaian jarri dute auzotarrek

1:33

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Clevelandeko Poliziak sokak eta kateak aurkitu ditu azken hamar urteotan hiru neska bahituta izan dituzten etxebizitzan. Agintariek baieztatu dutenez, ''lotuta'' egon ziren Amanda Berry, Georgina DeJesus eta Michelle Knight neskak ''gatibualdiko tartea batean behintzat''.

''Lotuta egon zirela baieztatu dezakegu; kateak eta sokak zeuden etxebizitzan'', esan du Clevelandeko Polizia buruak, NBC telebista katean. Halaber, ''noizean behin'' bakarrik irten zitezkeen etxebizitzaren atzealdean dagoen patiora, Poliziak adierazi duenez.

Joan den astelehenean askatu zituzten hiru neskak, eta baita horietako batek bahiketak iraun duen bitartean izan duen sei urteko alaba ere. Auzokide batek entzun zituen oihuen ondorioz lortu zuten neskak askatzea.

Agintariek Ariel Castro etxebizitzaren jabea eta Pedro eta Onil Castroren bi anaiak atxilotu zituzten.

Kritikak Clevelandeko Poliziari

Azken orduotan hainbat kritika piztu dira Clevelandeko Poliziaren kontra, etxean zerbait susmagarria gertatzen zela salatu zuten bizilagunen abisuei ustez behar beste arreta jarri ez zietelako.

Hala, hainbat komunikabideek Poliziaren lana zalantzan jartzen duten bizilagun ezberdinen testigantzak kaleratu dituzte. Emakume batek CNN katean salatu duenez, Poliziari deitu omen zion, etxebizitzaren atzealdean emakumezko bat biluzik ikusi zuela ohartarazteko. Clavelandeko Poliziaren bozeramaile batek, baina, ukatu egin du jarrera susmagarria salatuz orain bi urte deirik jaso izana.

Beste gizonezko batek, bestalde, kolpe hotsak entzun izana eta leihoak estalita zeudela salatzeko Poliziari deitu omen zion, baina inork erantzuten ez zuela-eta, alde egin omen zuten agenteek, bizilagun horren testigantzaren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea