Mundua -
Eraso berria
Emakume bati su eman diote Indian bortxaketa batean aurre egiteagatik
Alaba txikiarekin lo egiten zegoenean, sartu zen erasotzailea biktimaren etxean. Emakumezkoak erredura handiak jasan ditu eta hil egin da. Erasotzailea atxilotu dute.
Erredakzioa
Emakumezko bat hil da Indian, bortxaketa batean erasotzaileari aurre eginda, sua eman diotelako. Ondorioz, emakumezkoak erredura handiak jasan ditu eta hil egin da. Jazoera Rajastan estatuan izan da, Indiako iparmendebaldean, ostiral honetan.
28 urteko emakumezkoa lau urteko alaba txikiarekin lo egiten zegoenean, sartu da erasotzailea biktimaren etxean, Nohar hirian, Antar Singh Polizia bozeramaileak jakitera eman duenez.
Emakumeak erasotzaileari aurre egin dio, hori dela eta, Jitendra Singh Rajput ustezko erasotzaileak keroseno bota dio gainetik eta sua eman dio.
"Oihuak entzutean, emakumearen senarra eta anaia etxera sartu dira, eta emakumea sutan aurkitu dute", azaldu du Singhek. Halaber, emaztea laguntzen saiatu denean, senarrak erredura handiak ere jasan ditu, eta ospitaleratuta dago.
Emakumea ospitaleran sartu zuten, baina bertan hil da larunbat honetan, gorputzaren % 70 zuelako erreta. Poliziak, berriz, ustezko erasotzailea atxilotu du.
Sumina
Joan den abenduan New Delhin hainbat gizonek osatutako talde batek emakumezko bat bortxatu zuten (biktima ondoren hil zen). Hortik aurrera, erasoen berri eman dute komunikabideek, eta protestak nonahi zabaldu dira.
Apirilaren amaieran, bost urteko neskato bat hil zen New Delhin ere bortxaketa baten ondorioz.