Mundua -
AEB
Guantanamoko espetxe 'garestia' itxi nahi du Obamak
"Guantanamo itxi behar dugula pentsatzen jarraitzen dut", adierazi du AEBetako presidenteak. Guantanamo segurtasuna bermatzeko "beharrezkoa ez" dela esan du Obamak.
Erredakzioa
Guantanamoko kartzela ixteko helburuarekin Kongresuaren oniritzia lortzeko lan egingo duela iragarri du gaur Barack Obama Amerikako Estatu Batuetako presidenteak. Espetxea "garestia", "ez eraginkorra" eta estremistak errekrutatzeko tresna dela kritikatu du.
"Guantanamo itxi behar dugula pentsatzen jarraitzen dut", adierazi du Obamak prentsaurrekoan, Etxe Zurian. Bestalde, gose-greban dauden presoei heriotza opa ez diela azaldu du AEBetako agintariak.
2008ko azaroan presidente hautatu ostean, Guantanamo ixtea agindu zuen Obamak. Guantanamo segurtasuna bermatzeko "beharrezkoa ez" dela ezagutzea "kritikoa" da, Obamaren hitzetan.
"Garestia da. Ez da eraginkorra. Nazioartean gure irudiari kalte egiten dio. Terrorismoaren aurkako borrokan gure aliatuen laguntza murrizten du. Estremistak errekrutatzeko tresna da. Ixtea beharrezkoa da", azaldu du.
Guantanamoko espetxea. EFE
Kongresuaren babes falta
Gai honetan Kongresuaren lankidetza falta deitoratu du Obamak: "Kongresuak ixteko baimenik ez zigun eman".
"Gaiari eutsiko diot berriro", esan du Obamak. Kongresuarekin elkarrizketa berriz hasiko duela iragarri du. Guantanamo zabalik mantentzea AEBen aurkako erabakia eta "jasangarria ez" dela erantsi du.