Mundua -
Telebistan
Mandelaren azken irudiek polemika piztu dute Hegoafrikan
Ahul eta orientazioa galduta ageri da Nelson Mandela telebistan eman dituzten azken irudietan. Presidente ohia ospitaletik irten ondoren kaleratu dituzten lehen irudiak dira.
Erredakzioa
Hegoafrikako telebistak astelehen honetan kaleratu dituen Nelson Mandelaren azken irudiek polemika piztu dute, eta CNA Gobernuko alderdiari Mandelaren irudia erabiltzen aritzea egotzi diote.
SABC telebista kateak eman zituen irudiak, Hegoafrikako presidente ohiak erietxea utzi zuenetik estreinakoak. Bertan, ahul eta orientazioa galduta ageri da Nelson Mandela, eta argazkilarien kamerek botatako flashek aztoratuta. Jacob Zuma egungo presidenteak Mandelari egindako azken bisitan hartutako irudiak dira.
"Gure alde egin duen guztiaren ondoren horrela tratatzea ere... Zoo bateko animalia balitz bezala. Hau lotsa'', irakur zitekeen Twitter sare sozialean, bertan jasotako kritika guztien artean. ''Mandela gaixoa. Utzi bakean. Agure batek ez du halakorik merezi'', idatzi zuen beste batek.
Alderdiari kritikak
CNA Gobernuko alderdiari ere kritikak egin dizkiote, Madiba (hala deitzen dute Mandela) ''egoera onean eta umoretsu'' dagoela esateagatik. "Mandela ez dago egoera onean, eta Gobernua gezurra esatera ausartu da'', idatzi du beste erabiltzaile batek sare sozialean.
CNA alderdiak kritikei erantzun die gaur, eta irudiok jendeari Mandelaren egoeraren berri emateko emititu zituztela azaldu du. Alderdiaren arabera, ''publikoaren interesen defentsarako'' eman ziren irudiok, eta, hala, ''pertsonaia ospetsu eta iraultzaren ikono honen egoeraren inguruan informatzen jarraituko dugu, nazioa, kontinentea eta baita mundua bera ere informatzen''.
Hegoafrikako Gobernuko alderdiaren hitzetan, gainera, bertako herritarrek izan duten erreakzioa ''Mandela hilkorra dela eta adinekoa dela onartzeko duten beldurra''ren adierazgarri da.
Hilaren 6an eman zioten alta Mandelari, neumonia batek jota ospitalean 10 egun egin ondoren.