Mundua -

Emaitzak

Alderdi tradizionalek hauteskundeak irabazi dituzte Islandian

Alderdi Independenteak (eskuindarra) eta Alderdi Progresistak (zentro-ezkertiarra) bakoitzak 19 jesarleku lortu dituzte, egun boterean dagoen koalizioari gailenduz.

Alderdi tradizionalak, Islandiako hauteskundeetan garaile. Argazkia: EITB
Alderdi tradizionalak, Islandiako hauteskundeetan garaile. Argazkia: EITB
Alderdi tradizionalek hauteskundeak irabazi dituzte Islandian

0:23

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi Independenteak (eskuindarra eta euroeszeptikoa) eta Alderdi Progresistak (zentro-ezkertiarra) bakoitzak 19 jesarleku lortu dituzte Islandian izandako hauteskundeetan. Horrela, bi alderdi horiek egun Gobernuan dagoen koalizioa boteretik botatzea lortu dute.

'Morgunbladid' kazetak jakitera eman duenez, Alderdi Independenteak botoen % 26,7 lortu du (aurreko hauteskundeekin alderatuta, hiru puntu gehiago). Alderdi Progresistak, berriz, bozen % 24,4 eskuratu du (9,6 puntu gehiago), botoen % 100 zenbatu ostean, datu ofizialen arabera.

Aliantza Sozial Demokrata alderdiak jaso du porrot handiena, botoen % 12,9 baino ez lortu ostean (9 jesarleku). 2009ko hauteskundeekin alderatuta, alderdi horrek 16,9 puntu galdu ditu. Mugimendu Ezkertiar-Berdeak bozen % 10,9 lortu du (7 jesarleku), duela lau urte baino 10,8 puntu gutxiago.

Gainerako diputatuak bi alderdik eskuratu dituzte: Sekulako Etorkizuna (% 8,2, 6 jesarleku) eta Alderdi Pirata (% 5,1, 3 jesarleku).

Larunbat honetan izandako hauteskundeen ostean, alderdi tradizionalak boterera itzuli dira, azken urteetako finantza-krisiaren erantzuletzat jo badituzte ere. Hala ere, 1987tik lau alderdi nagusik lortutako emaitzarik txarrenak dira, klase politikoarengana herritarrek duten mesfidantzaren isla dena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea