Mundua -

Tiroketa Erroman

Bi polizia zauritu dituzte Italiako Gobernuaren egoitzaren aurrean

Halaber, haurdun dagoen emakumezko bat ere zauritu da. Tiroketaren unean, Enrico Letta lehen ministro karguaren zina egiten ari zen, ezbeharra izan den tokitik kilometro batera baino gutxiagora.

Zauritutako polizietako bat lurrean. Argazkia: EiTB
Zauritutako polizietako bat lurrean.
Erromako fiskalak dio tiroketa 'desesperazioak jotako' gizon baten ekintza izan dela

0:54

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez, bi polizia eta emakumezko bat zauritu dituzte igande honetan Italian, Gobernuaren egoitzaren aurrean izandako tiroketa batean. Une horretan, lehen ministro kargua hartzen ari zen Enrico Letta Giorgio Napolitano presidentearen aurrean, Italiako hedabideek jakinarazi dutenez.

Antza denez, 11:30 inguruan, 46 urteko gizonezko bat tiroka hasi da Italiako Gobernuaren egoitzaren aurrean dagoen plazan, eta izua eragin du, harik eta poliziek geldiarazi eta atxilotu duten arte. Halaber, ospitalera eraman dute, buruan zauri bat baitzuen.

Zaurituen osasun egoerari dagokionez, "carabinieri" batek lepoan du zauria, eta besteak hankan. Hirugarren zauritua haurdun dagoen emakumezko bat da, eta arin zauritu da.

Antonella Nespola Erromako fiskalak ustezko erasotzailearen atxiloketa balioztatzeko eskatu dio kasuko epaileari. Seguru asko, gaur edo bihar deklaratuko du epailearen aurrean, hilketa ahalegina eta armak edukitzea egotzita. Halaber, litekeena da azterketa psikiatriko bat pasatu behar izatea, haren osasun egoera zein den egiaztatzeko.

Gianni Alemanno Erromako alkateak ukatu egin du ustezko erasotzailea talde terrorista bateko kidea izatea. Halaber, onartu du hauteskunde osteko giro politikoak eragin zezakeela eraso saiakera.

Quirinal izenez ezaguna den jauregian zeuden Letta eta Napolitano, tiroketa izan den tokitik hurbil.

Italia tiroteo

Tiroketan zaurituetako bat lurrean. Argazkia: EiTB

Polizia zientifikoa, erasoaren lekuan lan egiten. Argazkia: EFE'Ez dago erotuta'

Bestalde, Pierfilippo Laviani Erromako fiskalak azaldu duenez, erasotzaileak "politikariak zauritzea zuen helburu, ez zegoen erotuta". "Arazo ugari zituen: lana barik zegoen eta familiarekin itzuli behar izan zuen. Etsita zegoen", adierazi du Lavianik.

"Orohar, politikarien aurka tiro egin nahi zuen baina hauen kontra egitea ezinezkoa zela ikusi zuenean, Poliziaren aurka egin zuen", adierazi du fiskalak.

Gobernu berria

Enrico Letta Alderdi Demokratako idazkariorde nagusiak lehen ministro kargua onartu zuen atzo, eta ministroen zerrenda aurkeztu dio Giorgio Napolitano Italiako presidenteari.

Angelino Alfano, Silvio Berlusconiren Askatasunaren Herria Alderdiko idazkari orokorra, Barne ministroa izango da.

Fabrizio Saccomanni Italiako Bankuko gobernadoreordea Ekonomia Ministerioaren buru izango da. Emma Bonino Europako komisario ohia, Atzerri ministro.

Justizia ministroa Ana Maria Cancellieri izango da, Mario Montiren Gobernuko Barne ministro izandakoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea