Mundua -
Italiako Gobernu berria
Lettak Gobernua osatzea lortu eta ministroen zerrenda aurkeztu du
Gaur, lehen ministro karguari zin egingo dio Lettak. Aurrera ateratzeko babes nahikoak lortuko ditu seguruenik Gobernu berriak.
Erredakzioa
Enrico Letta Alderdi Demokratako idazkariorde nagusiak lehen ministro kargua onartu du eta ministroen zerrenda aurkeztu dio Giorgio Napolitano Italiako presidenteari.
Angelino Alfano, Silvio Berlusconiren Askatasunaren Herria Alderdiko idazkari orokorra, Barne ministroa izango da.
Fabrizio Saccomanni Italiako Bankuko gobernadoreordea Ekonomia Ministerioaren buru izango da. Emma Bonino Europako komisario ohia, Atzerri ministro.
Justizia ministroa Ana Maria Cancellieri izango da, Mario Montiren Gobernuko Barne ministro izandakoa.
Talde berriaren zerrendan 21 ministro daude, horietako zortzi Ministerio zehatzik gabe, eta Italiako alderdi politiko nagusietako kideak dira guztiak. Pertsona gazteak dira nagusi eta inoiz baino emakume gehiago daude.
21 ministro horietatik, bederatzi Lettaren Alderdi Demokrata alderdiko kideak dira, bost Berlusconiren alderdikoak eta hiru, Aukera Zibikoa alderdikoak, Montirenak, hain zuzen.
Gobernu politikoa
Napolitanok atzo azaldu zuenez, herrialdearentzat posiblea den Gobernu bakarra da. Halaber, "Gobernu politikoa" dela esan zuen, "praktika demokratikoari jarraituz eginikoa".
Gaur, 11:30ean, lehen ministro karguari zin egingo dio Lettak, baita taldeko beste kide guztiek ere. Ondoren, Parlamentuko bi Ganberen aurrean aurkeztu beharko dira Gobernuaren konfiantza eskatzeko (astelehenean bertan gerta daiteke).
Aurrera ateratzeko babes nahikoak lortuko ditu seguruenik Lettaren Gobernuak; izan ere, bere alderdiak aldeko botoa eskatu du, eta Mario Monti eta Silvio Berlusconi lehen ministro ohien alderdiek ere aldeko botoa iragarri dute.
Kontrako jarrera izango dute ordea, Bost Izar Mugimenduko kideek, Ezkerra Ekologia Askatasuna alderdiak (AD alderdiarekin joan zen hauteskundeetan) eta Italiako Anaiak alderdiak. Ipar Ligako idazkaritza politikoak ordea, datozen orduetan erabakiko du zer egin.