Mundua -
Krisi politikoa Italian
Napolitanok Lettari agindu dio Gobernua osatzea
Alderdi Demokratako idazkariorde nagusiak onartu egin du agindua, baina denbora eskatu du alderdi politikoekin hitz egiteko.
Erredakzioa
Giorgio Napolitano Italiako presidenteak Enrico Letta Alderdi Demokratako idazkariorde nagusiari agindu dio Gobernua osatzea, eta onartu egin du, baina denbora eskatu du alderdi politikoekin hitz egin ahal izateko.
Enrico Lettak 46 urte ditu, eta Alderdi Demokratako idazkariordea da. Berria publiko egin bezain laster, kazetarien aurrera agertu da Letta, eta bere helburu nagusia herrialdearen zerbitzura lan egingo duen Gobernua osatzea dela iragarri du.
"Egoera zaila da, hauskorra, eta denok dakizue egoera honek ezin duela luzaroan iraun", adierazi du.
Astearte honetan Napolitanorekin bilera egin ostean iragarri bezala, bi lehentasun izango ditu Enrico Lettak: larrialdi ekonomiko eta sozialari erantzuna ematea eta erakundeetan erreformak egitea politikari sinesgarritasuna itzultzeko.
Enrico Letta gainerako alderdi politikoen babesa lortzen ahaleginduko da orain, inbestidura saioan lehen ministro aukera dezaten. Antza denez, Silvio Berlusconiren alderdia eta Mario Monti jarduneko lehen ministroaren koalizioa Letta babesteko prest agertu dira.