Mundua -
Krisi politikoa Italian
Letta, Amato eta Renzi, batasuneko Gobernu bat zuzentzeko faboritoak
Giorgio Napolitano Italiako presidenteak gaur iragarriko du nori aginduko dion Gobernua osatzea.
Erredakzioa
Italia batasun nazionaleko Gobernu baterako bidean dago, Giorgio Napolitano Errepublikako presidenteak herrialdeko bi alderdi nagusien oniritzia jaso eta gero.
Hauteskundeak egin eta bi hilabetera, Napolitanok gaur iragarriko du nori aginduko dion Gobernua osatzea.
Napolitanok larunbatean egin zuen presidente karguaren zina, eta atzo Gobernua osatzeko hirugarren eta seguru aski azken bilera-sorta egin zuen, bi alderdi nagusiek batasun nazionaleko Gobernua osatzea onartu baitute.
Oraindik, baina, ez dago argi Gobernua hainbat alderditako kideek osatuko duten (hala izango dela dirudi) edo, azken legegintzaldian bezala, kutsu teknikoa izango duen. Lehen ministro izateko faborito nagusiak Enrico Letta Alderdi Demokratako idazkariorde nagusia, Giuliano Amato lehen ministro ohi sozialista eta Florentziako alkatea, Matteo Renzi progresista, dira.
Argi dagoena Gobernu horiek nortzuek babestuko duten da: Alderdi Demokratak, Silvio Berlusconi lehen ministro ohiaren alderdiak eta Mario Monti jarduneko lehen ministroaren alderdiak. Ipar Ligak lehen ministroa nor den ezagutu arte itxarongo du, zer egin erabakitzeko.
Beppe Grillo umoristaren Bost Izar Mugimenduak (M5S) errefusatu egin du alderdi tradizionalekin ezer adostea, eta oposizioan izango den indar bakarra izango dela nabarmendu du.