Mundua -
Bostongo atentatuak
Auzitegi zibil batek Dzhokhar Tsarnaev epaituko du
Bestalde, Kanadako Poliziak talde terrorista bat desegin eta bi susmagarri atxilotu ditu Toronton eta Montrealen.
Erredakzioa
Dzhokhar Tsarnaev Bostongo atentatuetako ustezko egilekidea "etsai borrokalari" gisa epaituko ez dutela iragarri du gaur Jay Carney Etxe Zuriko bozeramaileak. Epaitegi zibil batek epaituko duela erantsi du Carneyk.
Tsarnaev AEBetako herritarra dela argudiatu du bozeramaileak, eta "etsai borrokalaritzat" jotzea "legez kontrakoa" dela gaineratu du. Atxilotua justizia militarrak epaitzea eskatu dute errepublikano batzuek.
"Terrorista hau justizia sistema zibilaren bidez epaituko dugu", adierazi du Barack Obama AEBetako presidentearen bozeramaileak prentsaurrekoan.
2001eko irailaren 11ko atentatuez geroztik, "ehunka terrorista zigortzeko eta kartzelara bidaltzeko justizia sistema federala" erabili dutela gogorarazi du Carneyk.
Batzorde militarrak
19 urteko Tsarnaev auzitegi zibil baten aurrera eramatea "ekiteko era egokia" dela azpimarratu du bozeramaileak. "AEBetako herritarrak direnean batzorde militarren aurrean epaitzea legez kontrakoa da", erantsi du.
Tsarnaev iragan ostiralean atxilotu eta Bostongo Beth Israel ospitalera eraman zuten. Atxilotuak "larri" jarraitzen du, FBIko azken txostenaren arabera.
Kanada
Bestalde, Kanadako Poliziak talde terrorista bat desegin eta bi susmagarri atxilotu ditu Toronton eta Montrealen, CBC telebista publikoak gaur iragarri duenez. Atxilotuek atentatu bat egin behar zuten.
Kanadako eta AEBetako segurtasun indarrek operazioan parte hartu dute. Atxiloketak gaur goizean egin dituzte.
"Al Kaidak babestutako" eraso terrorista bertan behera utzi dutela jakinarazi du Kanadako Poliziak. Atentatua tren baten aurka egin nahi zuten terroristek.
Atxilotuak Chiheb Esseghaier eta Raed Jaser dira. Trenaren aurka "eraso terrorista egiteko azpilana egitea" leporatu diete.