Mundua -

Bostongo atentatuak

Baliteke Bostongo ustezko erasotzaileak inoiz gehiago ez hitz egitea

Dzhokhar Tsarnaev gazteak zauri larria du eztarrian. Bestalde, Londreseko maratoian segurtasun neurri handiak jarri dituzte, baina normaltasuna izan da da nagusi lasterketan.

Bigarren susmagarria ospitaleratuta dagoen osasun-zentroa. Argazkia: EFE
Bigarren susmagarria ospitaleratuta dagoen osasun-zentroa. Argazkia: EFE
Bigarren susmagarria ospitaleratuta dagoen osasun-zentroa. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Susmagarriak zauri larria du eztarrian eta baliteke inoiz gehiago ez hitz egitea, ondorioz, galdeketa oso zaila izango litzateke, AEBetako Gobernuko iturri batek esan duenaren arabera. Bestalde, Bostongo atentatua gertatu denetik egin den lehen kirol proba jendetsuan, Londreseko maratoian, normaltasuna izan da nagusi.

Dzhokhar Tsarnaev barku batean zegoen ezkutatuta eta FBIko agenteak bertara sartu zirenean, tiroketa hasi omen zen. Ez dago argi oraindik nola zauritu zen gaztea, baina ikerketaren iturriek CBS kateari esandakoaren arabera, bere buruaz beste egiteko saiakeran egin zuen eztarriko zauria.

Bala nondik sartu eta atera zen ikusita, pistola ahoan sartu eta tiro egin zuela ondorioztatu daiteke iturri horien arabera. Bala garondotik atera zen, eta zauriaren eraginez, odol asko galdu zuen. Halaber, hankan beste tiro batek eragindako zauria du.

Dzhokhar Tsarnaev 19 urteko gazteak ospitalean jarraitzen du, larunbatean atxilotu ostean. Bostongo atentatuen ustezko bigarren egilea odoletan eta egoera larrian iritsi zen ospitalera, Massachusettseko Poliziaren bozeramaile batek esan zuenez.

Deval Patrick Massachusettseko gobernatzaileak azaldu duenez, Dzhokar Tsarnaev "oso larri, baina egonkor dago, hala ere, oraindik ez da hitz egiteko gai". "Bizirik irtetea espero dugu, hamaika galdera ditugulako", esan du Patrickek.

Ikerketa

Halaber, Tamerlan y Dzhokar Tsarnaev anaiak, Bostongo atentatuaren ustezko egileak, bakarrik aritu zirela uste du Poliziak, hasierako ikerketak egin ostean, Edward Deveau Watertown udalerriko Polizia arduradunak jakinarazi duenez.

MIT Massachusettseko Institutu Teknologikotik ihes egin ostean, bi ustezko egileen atzetik ibili zen Polizia, eta Watertownen bertan izan zen tiroketa bat. Horren ondorioz, polizia agente bat eta Bostongo atentatuen ustezko egiletako bat hil ziren. Halaber, bigarren ustezko egileak ihes egitea lortu zuen, handik gutxira atxilotu bazuten ere.

Londreseko maratoia

Bestalde, 36.000 korrikalari inguruk hartu dute parte Londreseko maratoian, Bostongo atentatua gertatu denetik egin den lehen kirol proba jendetsuan.

Parte-hartzaileek lazo beltzak eraman dituzte eta 30 segunduko isilunea egin da lasterketa hasi baino lehen, Bostonen hildakoen omenez.

Segurtasun neurri handiak egon dira eta ibilbideko kaleetako zaborrontzi guztiak kendu dituzte.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea