Mundua -
Polizia operazioa
Tsarnaev anaiak atentatuaren egile bakarrak dira, Poliziaren ustez
Bitartean, Bostongo atentatuen ustezko bigarren egileak ospitalean jarraitzen du "oso larri baina egonkor, oraindik hitz egiteko gai ez den arren".
Erredakzioa
Dzhokhar Tsarnaev 19 urteko gazteak ospitalean jarraitzen du, bart atxilotu ostean. Bostongo atentatuen ustezko bigarren egilea odoletan eta egoera larrian iritsi da bart ospitalera, Massachusettseko Poliziaren bozeramaile batek esan duenez.
Deval Patrick Massachusettseko gobernatzaileak azaldu duenez, Dzhokar Tsarnaev "oso larri egonkor dago, baina oraindik ez da hitz egiteko gai". "Bizirik irtetea espero dugu, hamaika galdera ditugulako", esan du Patrickek.
Ikerketa
Halaber, Tamerlan y Dzhokar Tsarnaev anaiak, Bostongo atentatuaren ustezko egileak, bakarrik aritu zirela uste du Poliziak, hasierako ikerketak egin ostean, Edward Deveau Watertown udalerriko Polizia arduradunak jakinarazi duenez.
MIT Massachusettseko Institutu Teknologikotik ihes egin ostean, bi ustezko egileen atzetik ibili zen Polizia, eta Watertownen bertan izan zen tiroketa bat. Horren ondorioz, polizia agente bat eta Bostongo atentatuen ustezko egiletako bat hil ziren. Halaber, bigarren ustezko egileak ihes egitea lortu zuen, handik gutxira atxilotu bazuten ere.
Operazio ikusgarria
Horren harrira, Twitter bidez jakinarazi du Poliziak Bostongo maratoiko atentatuaren ustezko bigarren egilea atxilotu dutela, Watertown herrian.
Ostiralean, susmagarria atxilotzeko operazio ikusgarria jarri zuten martxan segurtasun indarrek. Dzhokhar Tsarnaev, 19 urteko gaztea, asteleheneko atentatuen ustezko bigarren egilea, bertan 20:45ak zirenean atxilotu dute.
Poliziaren arabera 19 urteko gazteak bere anaia zaharragoarekin batera burutu zituen asteleheneko atentatuak. Azken hori, ostiralean gertaturiko tiroketa batean hil zen.
Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidentea atxiloketaren berria jakin eta berehala atera da prentsaurrera. Poliziaren eta segurtasun zerbitzu guztien lana goraipatu du Obamak, eta oraindik galdera asko erantzuteke daudela nabarmendu du.
Beste hiru lagun, atxilotuta
Halaber, poliziak beste hiru pertsona ere atxilotu ditu, Tsarnaev anaia gazteenarekin zerikusia dutelakoan. Haren ikaskide edo pisukideak izan litezkeela zabaldu du poliziak.