Mundua -
Chavezen ondorengoa
Nicolas Madurok Venezuelako presidente karguaren zina egin du
Oposizioa ez da ekitaldian izan. Maduro Caprilesekin hitz egiteko prest azaldu da, "bere gorrotoarekin amaitzeko". Gizon batek tribunaraino heltzea lortu du, eta Madurori mikrofonoa kendu dio.
Erredakzioa
Nicolas Madurok Venezuelako presidente karguaren zina egin du ostiral honetan. "Herriak onartutako Konstituzio honen aurrean zin egiten dut'', esan du Madurok, testua eskuan zuela eta Diosdado Cabello Asanblea Nazionaleko presidentearen aurrean.
Maduro Enrique Capriles oposizioko buruzagiarekin hitz egiteko prest azaldu da, "bere gorrotoarekin amaitzeko". Era berean, hauteskundeetan bere aurka bozkatu zutenekin elkarrizketa izateko prest agertu da.
Zinaren ondoren, presidentzia banda jartzea eskatu dio Madurok Maria Gabriela Chavez Hugo Chavezen alabari, eta presidente ohiaren ''oroimenari leialtasuna'' zin egin dio.
Madurok Simon Bolivarren eta Hugo Chavezen erretratuen aurrean jaso ditu Estatu agintaritzaren sinboloak. ''Garaipena arte beti, komandante'' irakur zitekeen hil berri den presidente ohiaren irudian.
Ondoren, Chavezek jendaurreko ekitaldi batean abestutako Venezuelako himnoaren grabaketa entzungai izan da.
Oposizioa ez da ekitaldian izan
Oposizioko 65 diputatuak ez dira ekitaldian izan, karguaren zina egin aurretik botoen % 100 berriz zenbatu beharra zegoela uste dutelako. Hori egin arte, Maduro Venezuelako presidente ''ez legitimoa'' da, oposizioaren hitzetan.
Ekitaldian, 17 herrialdetako estatuburu eta gobernuburua eta 60 ordezkaritza ofizial izan dira.
Pasadizoa
Gizon batek Asanblada Nazionaleko tribunaraino heltzea lortu du, eta Madurori mikrofonoa kendu dio. Inbestidura hitzaldia eten du. Segurtasun neurriek huts egin dute.
Gizonak, alkandora gorria eta galtza beltzarekin jantzita, Madurori mikrofonoa kendu eta "Nicolas, Yohendri dut izena, lagundu nazazu mesedez" garrasi egin du.