Mundua -
Eztandak Bostongo maratoian
Bostongo atentatuetako susmagarri bat identifikatu dute
Poliziak argitu duenez, oraindik ez dago atxiloketarik. Bestalde, Obamari zuzendutako gutun 'susmagarri' bat atzeman du FBIk, baina atentatuekin loturarik izatea baztertu dute.
Erredakzioa
Bostongo atentatuetako susmagarri bat identifikatzea lortu dute AEBetako agintariek, baina Bostongo Poliziak eta FBIk argitu dutenez, oraindik ez dute atxiloketarik egin.
Hala, ezeztatu egin dute aurretik zenbait komunikabidek kaleratutako informazioa. Izan ere, ustez Bostongo atentatuarekin zerikusia zuen pertsona bat atxilotu izana zabaldu dute CNN eta The Boston Globe komunikabideek.
"Kontrakoa esaten duten informazioak baldin badaude ere, ez da egon inongo atxiloketarik maratoian izandako erasoaren inguruan'', idatzi du Poliziak Twitterren.
''Kontrako txostenak zabaldu badira ere, ez da egon atxiloketarik Bostongo maratoiaren erasoaren inguruan'', idatzi du FBIk ohar batean.
Hainbat informazioren arabera, hala ere, susmagarri baten irudia lortu dute, Lord & Table saltokietako kamerei eta tokiko telebista baten grabazioei esker. Boston Globe egunkariak jakitera eman duenez, ''poltsa beltz bat zeraman susmagarria ageria da irudietan, bigarren lehergailuak eztanda egin zuen tokian poltsa utziz''. Ikerketatik gertuko iturria aipatu du egunkariak.
Presio eltze bateko tapa bat topatu dute
Bostoneko erasoak ikertzen ari diren agintariek, bestalde, eltze baten estalkia aurkitu dute. Antza denez, lehergailuetan erabili dute. Era berean, detonagailuaren zirkuituko zati bat topatu dute, komunikabide lokalek azaldu dutenez.
Leherketak gertatu ziren lekutik gertu lapikoko tapa aurkitu dute ikerlariek, eraikuntza bateko zabaltzan, CNN kateak jakitera eman duenez.
Oraingoz, ikertzaileek esku artean duten aztarna irmo bakarra gutxienez lehergailuetako bat lapiko baten barruan zegoela da. Dena dela, zantzu hori ez da oso baliagarria atentatuaren egilea nor den zehazteko, atentatuetan lapikoak erabiltzea oso ohikoa baita.
FBIk laguntza eskatu du
AEBetako agintariek laguntza eskatu diete herritarrei, Bostongo maratoian izandako atentatuaren egileak topatzeko.
Oraindik ez dago argi nork edo nortzuk egin duten atentatua, hau da, talde estatubatuar edo atzerritar batek egin duen, edo, aitzitik, egilea pertsona bakar bat izan den, Barack Obama presidenteak aitortu duenez.
FBI atentatuaren hainbat argazki aztertzen ari da, batik bat ikerketarako oso baliotsua izan daitezkeen bi.
Argazki horiek WHDH telebista kateak jaso ditu, lekuko baten eskutik, eta ikertzaileei igorri die. Lehen irudian, poltsa bat ikusten da, postontzi baten alboan, eta horren barruan lehergailuetako bat zegoela uste dute. Izan ere, bigarren argazkia eztandaren unea da, eta poltsa jada ez da ikusten.
Obamari zuzendutako gutun 'susmagarria'
Barack Obama AEBetako presidenteari bidalitako gutun bat ikertzen ari da FBI, "substantzia susmagarria duelako". Asteartean Roger Wicker senatari errepublikanoari zuzendutako gutun-azal batean errizina substantzia aurkitu zuten, AEBetako komunikabideek gaur jakitera eman dutenez.
Hala ere, "substantzia pikortsuko" gutunak, baliteke errizina izatea, atentatuekin loturarik izatea baztertu du FBIk.
"Substantzia susmagarriarekin" bustitako mezua posta bulego batean atzeman dute, Etxe Zuritik kanpo, CNN kateak azaldu duenez.
Segurtasun indarrak gutuna "aztertzen" ari direla jakinarazi du Fox News kateak FBIko agiri bat aipatuz. Asteartean senatariari bidalitako gutun-azala iturri berdinetik etorri dela ematen du.
Bi gutunek esaldi bera dute: "Zerbait oker ikusi eta ez jakinarazteak jarraipenaren aliatu isila bihurtzen zaitu", FBIko agiriaren arabera. Bi mezuek sinadura berdina dute: "KC naiz eta mezu hau onartzen dut".
Kongresukide batek sustantzia toxikoa zeraman gutun-azal bat jaso du
AEBetako Kongresuko segurtasuneko langileek Roger Wicker Mississippiko senatari errepublikanoari igorritako gutun-azal batean sustantzia toxiko bat atzeman dute.
Gutun-azalak positibo eman du segurtasun kontrol batean, antza denez errizina izeneko sustantzia zuen, arnastuta soilik heriotza eragiten duen hauts zuri bat, Kongresuko iturriek adierazi dutenez.
Senatuaren zati bat itxi dute
AEBetako Kapitolioaren Poliziak Senatuko bi bulego itxi ditu bi pakete susmagarritako txostenak jaso ostean. Eraikuntzetako harreran paketeak itxi dituen pertsona galdekatzen ari dira.
Richard Shelby Alabamako senatariaren bulegoak agiri batean jakitera eman duenez, Russell eraikuntzako "harreran utzitako pakete susmagarri bat ikertzen ari dira".
Ondoren, berriz ere ireki dute Senatua.