Mundua -

Eztandak Bostongo maratoian

FBIk Bostongo atentatuaren egileak harrapatzeko laguntza eskatu du

Presio eltze bat da oraingoz duten aztarna bakarra. Atentatuaren hainbat argazki aztertzen ari dira, batik bat ikerketarako oso baliotsua izan daitezkeen bi.

Bostongo atentatuaren irudietako bat. Argazkia: EFE
Bostongo atentatuaren irudietako bat. Argazkia: EFE
Obamak herritarren kolaborazioa eskatu du Bostonekoa argitzeko

1:15

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBetako agintariek laguntza eskatu diete herritarrei, Bostongo maratoian izandako atentatuaren egileak topatzeko.

Oraindik ez dago argi nork edo nortzuk egin duten atentatua, hau da, talde estatubatuar edo atzerritar batek egin duen, edo, aitzitik, egilea pertsona bakar bat izan den, Barack Obama presidenteak aitortu duenez.

FBI atentatuaren hainbat argazki aztertzen ari da, batik bat ikerketarako oso baliotsua izan daitezkeen bi.

Argazki horiek WHDH telebista kateak jaso ditu, lekuko baten eskutik, eta ikertzaileei igorri die. Lehen irudian, poltsa bat ikusten da, postontzi baten alboan, eta horren barruan lehergailuetako bat zegoela uste dute. Izan ere, bigarren argazkia eztandaren unea da, eta poltsa jada ez da ikusten.

Oraingoz, ikertzaileek esku artean duten aztarna irmo bakarra gutxienez lehergailuetako bat lapiko baten barruan zegoela da. Dena dela, zantzu hori ez da oso baliagarria atentatuaren egilea nor den zehazteko, atentatuetan lapikoak erabiltzea oso ohikoa baita.

Bostongo Poliziak eta suhiltzaileetako sindikatuek 50.000 dolarreko ordainsaria eskaini dute, egileak atzemateko informazio baliagarriaren truke.

 

Biktimak, identifikatuta

Atzo eztandetan hildako hiru pertsonen nortasunak baieztatu zituzten. Lehenengoa Martin Richard 8 urteko umea da. Aitak parte hartu zuen maratoian, eta semea animatzera joan zen. Arreba (6 urtekoa) ere zauritu zen, eta hanka bat galdu du. Ama, gainera, oso larri dago.

Bigarren biktima Krystle Campbell da, 29 urteko gaztea, urtero joaten zen helmugara maratoian parte hartzen zuten korrikalariak animatzera.

Hirugarren biktima, berriz, txinatar bat da, baina agintariek ez dute bere inguruko beste daturik eman.

 

Kongresukide batek sustantzia toxikoa zeraman gutun-azal bat jaso du

AEBetako Kongresuko segurtasuneko langileek Roger Wicker Mississippiko senatari errepublikanoari igorritako gutun-azal batean sustantzia toxiko bat atzeman dute.

Gutun-azalak positibo eman du segurtasun kontrol batean, antza denez errizina izeneko sustantzia zuen, arnastuta soilik heriotza eragiten duen hauts zuri bat, Kongresuko iturriek adierazi dutenez.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea