Mundua -

Indarkeria Venezuelan

Caprilesek martxa bertan behera utzi du Madurok debekatu ostean

Istiluak "dagoeneko porrot egin duen estatu-kolpe" baten parte direla ohartarazi du Venezuelako presidenteak. Capriles Gobernuarekin hitz egiteko prest agertu da, "krisiari" irtenbide bat emateko.

Nicolas Maduro Venezuelako presidente hautetsia. EFE
Nicolas Maduro Venezuelako presidente hautetsia. EFE
Caprilesek eman nahi izan duen estatu-kolpea bukatu egin dela dio Madurok

1:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Presidente berriaren izendapenaren aurka protesta egiteko manifestaldia deitu du oposizioak asteazken honetarako, baina Nicolas Maduro Venezuelako presidente hautetsiak protesta eragotziko duela esan du gaur, eta "zorrotz" arituko dela ohartarazi du.

"Caracaseko erdigunetik martxa bat egitea nahi dute bihar, ez dute Caracaseko erdigunetik martxa egiteko baimenik izango, ez zarete Caracaseko erdigunera joango heriotzez eta odolaz betetzeko, ez dut onartuko", esan du Madurok.

Liskarren erantzukizuna "faxistei" leporatu die Venezuelako presidente hautetsiak, eta istiluak "dagoeneko porrot egin duen estatu-kolpe" baten parte direla ohartarazi du.

Venezuela, maduro, capriles, disturbios, EFE

Venezuela, maduro, capriles, disturbios, EFE

Istiluak Venezuelan. EFE

"Gaur estatu-kolpeak porrot egin du, herriarekin eta Armadarekin bat", ziurtatu du Madurok osasun zentro baten aurrean. Astelehenean "intolerantziaren deabruek" osasun zentroari eraso egin zioten, Maduroren hitzetan.

Gertatutakoaren "erantzukizuna indarkeria deitu eta Konstituzioa urratzen dutenek dute", adierazi du Madurok. Gobernua Fiskaltzarekin harremanetan jarri da "erantzukizunak argitzeko eta zehazteko", erantsi du.

Caprilesek elkarrizketa eskaini eta oposizioaren martxa bertan behera utzi du

Enrique Capriles oposizioko buruzagia Maduroren Gobernuarekin hitz egiteko prest agertu da, herrialdeko "krisiari" irtenbide bat emateko. Asteazken honetan mobilizaziorik ez egiteko eskatu die Caprilesek bere jarraitzaileei.

"Venezuelarrei eta Gobernuari esan nahi diet, hemen gauden guztiak, datozen orduetan krisiari konponbidea emateko, elkarrizketa zabaltzeko, prest gaude", azaldu du Caprilesek prentsaurrekoan.

Botoak berriz zenbatu arte emaitzak onartuko ez dituela errepikatu du oposizioko buruzagiak, eta elkarrizketa "Konstituzioa eta Errepublikako legeak" errespetatuz egitea eskatu du.

"Ez-legitimoak (Maduro) eta bere Gobernuak indarkeria agindu dute botoen zenbaketa eragozteko, beraiek dira arduradunak", salatu du Caprilesek ordu batzuk lehenago Twitter sare sozialean.

Venezuela, maduro, capriles, disturbios, EFE

Venezuela, maduro, capriles, disturbios, EFE

Istiluak Venezuelan. EFE

Bere bidea "bakea" dela esan du Caprilesek, eta indarkeria ez erabiltzeko eskatu die bere jarraitzaileei. "Gobernuak indarkeria nahi du. Ez-legitimoak hori nahi du", ohartarazi du. "Ez probokazioetan erori, borroka hau irmoa, baina bakezalea da. Guri bakea nagusitzea komeni zaigu. Ez-legitimoari ez", salatu du.

Emaitzen hirugarren txostena

Bestalde, Hauteskunde-batzorde Nazionalak (CNE) hauteskundeetako emaitzen hirugarren txostena plazaratu du gaur. Txostenaren arabera, Madurok Caprilesi 272.865 botoko aldea atera dio.

Horrela, Chavezen hautagaiak 7.575.506 boto lortu ditu (% 50,78), eta Caprilesek 7.302.641 (% 48,95). 1,83 puntuko abantaila atera dio Madurok Caprilesi.

Botoen % 99,55 zenbatuta datu berriak argitaratu dituela erantsi du CNEk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea