Mundua -
Eztandak Bostongo maratoian
'Ekintza terrorista' nork egin zuen ez dakitela aitortu du Obamak
Ikerketa nazioarte mailakoa izango da, eta bi lehergailu bakarrik aurkitu zituztela baieztatu dute. Presio-eltzeetan sartuta zeuden, iltze eta errodamenduekin.
Erredakzioa
Barack Obama AEBetako presidenteak ''terrore ekintza'' gisa definitu ditu astelehenean Bostoneko maratoian izan ziren leherketak. Azken informazioen arabera, 3 pertsona hil (tartean 8 urteko haur bat eta 29 urteko emakumezko bat) eta beste 176 zauritu ziren. Horietatik 17 egoera kritikoan daude.
''Terrorismo ekintza gisa ari da leherketak ikertzen FBI. Jakin ez dakiguna da nork egin zuen'', esan du Barack Obama presidenteak Etxe Zurian, leherketak izan zirenetik jendaurrean egin duen bigarren agerraldian.
"Herritar errugabeei eraso egiteko bonbak erabiltzen dituzten bakoitzean terrore ekintza da. Oraindik ez dakigu, baina, nork egin duen eta zergatik. Ez dakigu erakunde terrorista batek planifikatu eta burutu duen, bertakoa edo atzerritarra den, edo gizabanako bakar batek egin duen'', azaldu du Obamak.
''Baina argituko dugu'', ziurtatu du presidenteak, eta kolaboratzera deitu ditu herritarrak. Beraz, ''edozein objektu edo jarrera susmagarri'' agintariei jakinaraztea eskatu die presidenteak herritarrei.
''Aurkituko dugu gure herritarrei eraso egin diena, eta epaituko dugu'', gaineratu du.
Nazioarte mailako ikerketa
Ildo horretan, ikerketa nazioarte mailakoa izango dela iragarri du FBIk gaur bertan. ''Mundu mailako ikerketa izango da'', esan du prentsaurrekoan Richard DesLauriers Bostongo FBIko arduradunak. "Krimen honen erantzuleak aurkitzeko munduaren azken muturrera ere iritsiko gara'', gaineratu du DesLauriers agenteak, eta eztanden aurretik mehatxurik jaso ez zutela ere azaldu du.
''Orain ez dago inongo mehatxu fisikorik. Ez dago mehatxu berririk'', ziurtatu du. Obamak bezalaxe, herritarrei laguntza eskatu die, eta ikerketan lagungarri izan daitezkeen informazio, argazki, audio eta bideoak agintarien esku jartzea eskatu du.
Oraingoz ez dute inor atxilotu eta ez dago susmagarririk, baina etxe bat miatu dute Bostongo kanpoaldeko auzo batean. Zenbait komunikabideren arabera, gainera, FBIk eta Poliziak zaurituen artean dagoen saudiarabiar gazte bat galdekatu dute.
Bi lehergailu bakarrik
FBIko ordezkariekin batera, Massachusettseko gobernadoreak ere agerraldia egin du prentsaurrekoan, eta bi lehergailu bakarrik aurkitu zituztela baieztatu du. Bi leherketak izan ondoren, adituek beste pakete batzuk miatu zituzten, baina ''ikertu zituzten gainerako paketeak ez ziren eztanda egin gabe zeuden lehergailuak'', gobernadoreak azaldu duenez.
Bonbak presio-eltzeetan, iltze eta errodamendu eta guzti
Maratoian eztanda egin zuen bonbetako bat presio-eltze baten barruan zegoen, eta iltzeak eta errodamenduak zituen, segurtasun iturriak aipatuz CBS kateak jakitera eman duenez. Informazio horren arabera, poltsa edo motxila beltz baten barruan zegoen eltzea. Beste iturri bat aipatuz Fox News kateak azaldu duenez, ''bi lehergailuetan erabili zituzten presio-eltzeak''.
Halaber, agintarien ustez, litekeena da sakelako telefonoa baino tenporizadorea erabili izana, tokiko komunikabideek emandako informazioaren arabera.
CBS kateak azaldu duenez, bonbek ''lehergai karga txikia'' zuten, baina altzairuzko bolak eta iltzeak zituzten, eta, beraz, kalte handia egiteko prestatuak zeuden.
Segurtasun iturri batek azaldu duenez, zaborrontzira botatako ondasun baten itxura izan zezaten prestatu zituzten.
Ordainsaria
Bostoneko Poliziak eta suhiltzaileen sindikatuak 50.000 dolarreko ordainsaria eskaini dute leherketen erantzulea, edo erantzuleak, aurkitzeko informazioa eskaini dezaketenentzat.
Espainiak Bostonen duen kontsula kargutik kendu dute
Atzerri Ministerioak Espainiak Bostonen duen kontsula kargutik kendu du ''bere eginkizunak ez betetzeagatik''. Leherketak izan ondoren, atzo bulegoak ordutegi arruntean itxi izana leporatu diote.