Mundua -

Eztandak Bostongo maratoian

Horrela jarraitu dugu, zuzenean, Bostongo eztanden biharamuna

'Ekintza terrorista'ri aurre egiteko,herritarren laguntza eskatu du Obamak, eta 2 lehergailu bakarrik aurkitu zituztela baieztatu dute. 176 pertsona zauritu dira, horietatik 17 egoera kritikoan daude.

Leherketak Bostoneko Maratoian. Argazkia: EiTB
Leherketak Bostoneko Maratoian. Argazkia: EiTB
Hiru lagun hil eta dozenaka zauritu dira Bostonen, bi leherketatan

1:20

D.P./E.A.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

18:00. Berriz ere ireki dute La Guardia aireportuko solairua.

17:56. ''Errudunak Justizia aurrera'' eramango dituztela esan du berriz ere Obamak. Herritarren kolaborazioa eskatu du, eta leherketen ondoren izan zuten jarrera goraipatu du. Leherketak izan zirenetik presidentearen bigarren agerraldia izan da.

17:50. "Terrore ekintza gisa ari da gertatutakoa ikertzen FBI. Ez dakiguna da nork egin zuen. Ez dakigu bertako talde batek edo atzerriko talde batek egin zuen, ezta gizabanako bakar batek egin zuen ere'', esan du presidenteak, Etxe Zurian.

Barack Obama EEUU EFE

(Barack Obama, AEBetako presidentea. Efe)

17:30. Abian da AEBetako presidentearen prentsaurrekoa. Obama: ''Terrorismo ekintza gisa ari da leherketak ikertzen FBI''. ''Edozein objektu edo jarrera susmagarri'' agintariei jakinaraztea eskatu die Obamak herritarrei.

17:26. New Yorkeko La Guardia aireportuan solairu bat hustu dute, pakete susmagarri bat dela-eta.

17:00. Azken datuak: Poliziak emandako azken datuen arabera, 176 dira Bostonen zauritutakoak, eta horietatik 17 egoera kritikoan daude.

16:25. Minutu bateko isilunea Wall Streeten.

16:24. Gobernadoreak baieztatu duenez, leherketen ondorioz 3 pertsona hil eta 150 baino gehiago zauritu dira, horietako hainbat ''larri''. Oraingoz ez dute inor atxilotu, eta ez dute susmagarririk.

16:11. Massachusettseko gobernadoreak baieztatu dutenez, bi lehergailu bakarrik aurkitu zituzten maratoiaren eremuan. ''Ikertu ziren gainerako paketeak ez ziren eztanda egin gabe zeuden lehergailuak'', azaldu du prentsaurrekoan.

16:09. FBIk herritarren laguntza eskatu du: informazioa, argazkiak, audioak, bideoak...

16:08. Massachusettseko gobernadoreak eta FBIk prentsaurrekoa egin dute elkarrekin. FBI: ''Orain ez dago inongo mehatxu fisikorik''. Ikerketa ''oso aktiboa'' egiten ari direla eta lekuko asko galdekatu dituztela gaineratu dute. Ikerketa nazioarte mailakoa izango dela nabarmendu dute.

15:26. Atzoko leherketetan zauritutako 144 lagunetatik 17k egoera kritikoan jarraitzen dute.

14:53. Atzerri Ministerioak Espainiak Bostonen duen kontsula kargutik kendu du ''bere eginkizunak ez betetzeagatik''. Leherketak izan ondoren, atzo bulegoak ordutegi arruntean itxi izana leporatu diote. Rajoyk telegrama bat helarazi dio Obamari, dolumina agertzeko.

14:41. Etxebizitza baten miaketa: Ikerketarako frogak izan daitezkeenak atera ditu bertatik Poliziak.

13:20. CBS kateak jakinarazi duenez, Poliziak etxebizitza bat miatu du Bostongo kanpoaldean, Revere auzoan. Etxea "[ikerketarentzat] interesgarria den pertsona batena" dela zehaztu du hedabide horrek.

12:35. Etxe Zuriak aitortu egin du Bostonen gertatutakoa "ekintza terrorista argia" izan dela: "Hainbar lehergai badaude, kasu honetan bezala, terrorismo ekintza da". Atzo, Barack Obamak saihestu egin zuen "terrorismo" hitza aipatzea.

12:16. Espainiako Gobernuak gaitzetsi egin ditu Bostongo eztandak. Agiri batean, Atzerri Ministerioak doluminak adierazi die biktimen senideei, eta zauritutakoak azkar osatzeko itxaropena agertu du.

11:43. AEBetako Gobernuak suzko armen kontrola zorrozteko asmoa duenez, talde "patriotiko" erradikalen jarduerak areagotu egin dira, Southern Poverty Law Center-ek (talde horien jarraipena egiten duen zentro bat) ohartarazi duenez. Duela hilabete bat, talde horien mehatxuak ugaritzen ari direla ohartarazi zioten Eric Holder Justizia idazkariari.

11:31. Bostongo bonben aurrekari gisa, 1996. urtean Atlantako Olinpiar Jokoetan izandako erasoa aipatu liteke, Mikel Aramendi nazioarteko gaien adituak Euskadi Irratiak azaldu duenez. Urte horretan, 36 urteko estatubatuar batek bonba bat jarri zuen parke batean, eta pertsona bat hil eta 100 baino gehiago zauritu zituen.

11:18. Al Kaidaren hipotesiak indarra galdu du, lehergailuak txikiak eta etxean egindakoak izan baitziren.

10:22. Mundu osoko kirolariek elkartasuna agertu diete Bostongo biktimei.

10:03. Badaezpada, Washingtongo Poliziak segurtasuna areagotu du. Etxe Zuriaren inguruan, adibidez, segurtasun eremua ezarri dute.

09:36. Lehen ikerketen arabera, lehertu diren bonbak txikiak ziren, baina lehergai mota zehaztu arte ezin izango dute jakin erasoa pertsona batek edo atzerriko zein AEB barruko talde batek egin duen.

08:59. Radio Euskadik eta Euskadi Irratiak eztanden lekuko izan diren euskal herritarren testigantzak jaso dituzte.

boston maraton

Kalteak eztandak izan ziren tokian. EFE

08:40. Ikerketa FBIk hartu du bere gain. Hipotesi nagusia eraso terroristarena dela erakusten du horrek, adituen esanetan.

08:07. Atentatua izan dela baieztatuko balitz, 2001. urteko irailaren 11tik AEBetan jazotako lehena izango litzateke.

07:39. Segurtasun Indarrek ez dute "atentatu terrorista" izan dela esan nahi oraingoz, baina ikerketa ildo nagusia hori da, hau da, eraso terrorista koordinatua izan dela.

07:01. Irailaren 11ko atentatuen itzala berriz ere atzeman dute astelehen honetan AEBetan. Izan ere, hainbat eztanda jazo dira Bostongo maratoian, eta gutxienez hiru pertsona hil dira, horietako bat 8 urteko ume bat, eta 140 baino gehiago zauritu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea