Mundua -
Atentatua Bostonen
Obamak 'AEB osoko' segurtasuna indartzeko agindua eman du
AEBetako presidenteak aitortu duenez, "oraindik ez ditugu erantzunak", baina leherketak "nork" eta "zergatik" egin zituen argituko duela azpimarratu du.
Erredakzioa
Barack Obama AEBetako presidenteak aitortu duenez, "oraindik ez ditugu erantzunak", baina Bostongo maratoian izandako leherketak "nork" eta "zergatik" egin zituen argituko duela azpimarratu du.
Etxe Zurian egindako agerraldian Obamak azaldu duenez, "ez dakigu nork eta zergatik egin duen"; hori dela eta, "gertatutakoa argitu arte ondorioak ez ateratzeko" deia egin du.
Hala ere, oharra igorri du: "Inor ez dadila okertu: sakoneraino joango gara kontu honetan". "Nork eta zergatik egin duen argituko dugu eta egileak, norbanakoa ala taldea izan, Justiziaren pisua jasoko du gainean", hitzeman du.
Gainera, Segurtasun Nazionaleko taldearekin bildu ostean "AEB osoko segurtasuna indartzeko" agindua eman duela jakinarazi du.
Era berean, segurtasun indarrek eta osasun-zerbitzuek leherketen ostean izan duten "profesionaltasuna eta azkartasuna" goraipatu ditu.
Testuinguru horretan, batasunerako deia egin du AEBetako presidenteak: "Kongresuko alderdietako buruekin hitz egin dut eta egunotan errepublikanorik eta demokratarik ez dagoela adierazi diet, estatubatuarrak gara, gure herritar maiteengatik elkartuta eta kezkatuta gaudenak".