Mundua -
Venezuelako presidente berria
Hauteskunde-batzordeak Maduro presidente izendatu du
Zenbaketa berririk gabe "presidente ez-legitimoa" izango dela esan du Caprilesek. Armadako zenbait kideren atxiloketa salatu eta "boto guztien" zenbaketa berria eskatzeko mobilizazioak iragarri ditu.
Erredakzioa
Tibisay Lucena Hauteskunde-batzorde Nazionaleko (CNE) presidenteak Nicolas Maduro Venezuelako Errepublikako presidente hautetsi izendatu du. Horrela, iragan igandean egindako hauteskundeetako garailetzat jo du batzordeak.
Hauteskunde-batzordeko presidenteak Maduro lehen aldiz Venezuelako "presidente hautetsi" gisa agurtu du erakundeko egoitzan.
Astelehen honetan bertan izendatu dute Nicolas Maduro Venezuelako presidente berria, igande honetako hauteskundeak alde txikiarekin irabazi ondoren. Maduro Venezuelako hauteskundeetako irabazle izendatzeko ekitaldia deitu du Gobernuak, Caprilesek zenbaketa berria eskatu badu ere.
Chavezen jarraitzaileei garaipena kaleetan ospatzeko deia egin die, eta litekeena da karguaren zina ostiralean egitea.
Zenbaketa berririk gabe Venezuelak ''presidente ez-legitimoa'' izango duela salatu du Caprilesek, eta, ekitaldia bertan behera uztea eskatu du. Ildo horretan, hauteskundeak jarraitzeko oposizioak Venezuelara deitu dituen nazioarteko adituen ustez, ezin dute Maduro garaile edo presidente izendatu, botoak eskuz zenbatu arte.
Caprilesek, halaber, Armadako zenbait kideren atxiloketa salatu du, eta ''boto guztien'' zenbaketa berria eskatzeko mobilizazioak iragarri ditu.
Madurok gora (% 50,75) eta Caprilesek, berriz, behera (% 48,98)
Hauteskundeen inguruan kaleratu duen bigarren txostenean, % 50,75era igo du Maduroren emaitza Hauteskunde Kontseiluak, eta % 48,98ra jaitsi Caprilesena. Botoen % 98,71 zenbatuta eta boto elektronikoa kontuan izanda, bozka guztien % 99,7ari dagozkion emaitzak dira azken hauek, Hauteskunde Kontseiluak azaldu duenez. Parte-hartzea % 78,71ekoa izan da.
Botoen % 99,12 zenbatuta zaudela, aldea txikiagoa zen, ordea: Madurok 7.505.338 (% 50,66) boto zituen, hau da, Henrique Capriles oposizioko buruak baino 200.000 gehiago (horrek 7.270.403 zituen; % 49,07).
Edonola ere, "boto guztiak zenbatu arte" emaitzak aitortuko ez dituela ohartarazi du Caprilesek. Prentsaurrekoan, Hauteskunde Kontseiluak iragarritako emaitzek ez dutela "herrialdearen errealitatea islatzen" esan du oposizioko buruak. Halaber, "kutxa guztiak zabaltzeko" eta boto guztiak "banan-banan" zenbatzeko deia egin du, emaitza ofizialak egiaztatzeko. CNE Hauteskunde Kontseilu Nazionalak ez du oraindik zenbaketa berriaren inguruko erabakirik iragarri.
Madurok ez dio oztoporik jarri botoak ikuskatzeari, baina, garaipena oso estua izan bada ere, zilegia dela nabarmendu du agintari chavistak, eta Hauteskunde Kontseilu Nazionalak garaipena baieztatuko balu ekitaldiekin aurrera egingo dutela iragarri du. Hala, Gobernuak ekitaldia deitu du gaurko.
''Presidente ez-legitimoa''
Henrique Capriles oposizioko buruaren hitzetan, bestalde, zenbaketa berririk gabe Venezuelak ''presidente ez-legitimoa'' izango du. ''Boto bakoitza berriz ere zenbatu arte presidente ez-legitimo bat dago, eta hala salatuko dugu lau haizetara'', idatzi du Twitter sare sozialean. ''Hauteskundeak ikuskatu eta egia jakiteko eskubidea dute Venezuelako herritarrek'', gaineratu du.