Mundua -
Hauteskundeak
Parte-hartzearen inguruko datu kontrajarriak, Venezuelan
19 milioi venezuelar egon dira Chavezen ondorengoa hautatzera deituta eta "normaltasuna" izan da nagusi.
Erredakzioa
Herriak lasai bozkatu du, baina bi hautagai nagusiak ez datoz bat parte-hartzearen inguruko datuak ematerakoan. Chavez zenaren aldekoen arabera, marka guztiak hautsi dira; oposizioaren araberan ordea, parte-hartze txikia egon da.
Nicolas Maduro hautagairen hauteskunde kanpainaren lantaldeak esan duenez, hauteslekuak ireki eta sei ordura, parte-hartzea % 42koa izan da, eta zortzi ordura, 13 milioi lagunek eman dute boza, hau da, botoa eman dezaketen lagunen % 68k.
"Normaltasuna" izan da nagusi eta jendetza bildu da hauteslekuetan Wilmer Barrientos jeneralak, hauteskundeetarako planaren buruzagi militarrak, adierazi duenez.
Nicolas Madurok "parte-hartze marka guztiak hausten" ari direla esan du. 14:30ean eman du boza Madurok Caracas mendebaleko hautesleku batean.
Henrique Capriles Radonski oposizioko hautagai nagusiak herritarrei botoa ematera joateko eskatu die Santo Tomas de Villanueva hauteslekuan bere botoa eman eta gero, Caracaseko zona aberatsenetako batean.
Senitartekoekin joan da Capriles bozkatzera eta hainbat " hutsegite eta gehiegikeri" egon direla esan du. Ildo horretan, "edozein hutsegite" atzemanez gero, salatzeko gonbita egin die herritarrei.
Venezuelarrek Hugo Chavezen ondorengoa aukeratu dute gaur presidentetzarako hauteskundeetan, joan den martxoaren 5ean Chavez hil ostean. Presidente berria 2019raino izango da boterean.
Guztira, 19 milioi venezuelarrek izan dute boza emateko eskubidea. 13.810 hauteslekuak 06:00etatik (10:30 GMT) 18:00ak arte (22:30 GMT) izan dira zabalik.
Segurtasuna bermatzeko
Duela sei hilabete Chavezek hirugarrenez hauteskundeak irabazi ostean, berriro izan dute hitzordua herritarrek hautestontziekin. Nicolas Maduro Chavezen ondorengoa eta Henrique Capriles aurkaria egon dira aurrez aurre.
Halaber, 141.393 Polizia agente egon dira lanean segurtasuna bermatzeko.
Presidente berria 2019ra bitartean izango da boterean, eta apirilaren 19an egingo du karguaren zina (herrialdearen independentzia ospatu ohi duten data).
Manipulazioa
Bestalde, Iñaki Anasagasti EAJren senatariak Henrique Caprilesen aldeko boza eman du Venezuelako kontsuletxean, Bilbon. Halaber, "boto elektronikoan iruzurrik ez egotea" espero duela esan du. Mila bat venezuelarrek izan dute Bilbon boza emateko eskubidea. Horretarako, hauteslekuak 18:00ak arte egon dira zabalik.
Anasagastik esan duenez, "gorrotorik gabeko Venezuela lortzeko itxaropena da Capriles". "14 urtez chavismoa izan ostean, Caprilesek gehiago eman dezake", azpimarratu du.
Salaketak
Azken egunetako hauteskunde-ekitaldietan Maduro hiltzeko azpijokoak salatu ditu Gobernuak. Oposizioak, berriz, arreta desbideratzeko saiakera dela esan du.
Horren harira Madurok azpimarratu duenez, "herrialdearen sinesgarritasunarekin ari dira jolasten, gorrotoa bilatzeko". Caprilesek erantzun dionez, "zoritxarrez, venezuelarrei lasaitasuna eman beharrean, batzuek beldurra eragin nahi dute".