Mundua -
Egipto
Mubarak epaitzeari uko egin dio kasuko epaileak
Apelazioko auzitegiaren esku utzi du auzia, horrek kasua epaituko duen auzitegi berri bat aukeratu dezan. 2011ko iraultzan manifestariak hiltzea egotzi diote Egiptoko presidente ohiari.
Erredakzioa
Hosni Mubarak Egiptoko presidente ohia epaitu behar zuen epaileak uko egin dio zeregin horri, ezustean. Larunbat honetan hasi da lehen ikustaldia, eta epaileak adierazi duenez, beste epaitegi baten esku utziko du auzia. Ondorioz, epaiketa atzeratu egingo da.
Kairo hiriburuko kanpoaldeko akademia militar batean egitekoa zen epaiketa, eta Mustafa Hassan Abdula epaileak ikustaldiaren hasieran jakinarazi du bere erabakia.
Horren hitzetan, "deseroso" sentitzen zen eta nahiago izan du auzia Apelazioko auzitegiaren esku uztea, Reuters berri agentziaren arabera. Al Jazeera telebista kateak bestalde iragarri du, epaileak ez zuela lotsa sentitu nahi.
Mubarak Egiptoko presidente ohiari bizi osorako kartzela zigorra ezarri zioten, 2011ko iraultzan manifestariak hiltzea egotzita.
Abokatuak eta Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuten Apelazio auzitegiaren aurrean, eta epaiketa errepikatzea agindu zuen epaileak.
Gaur hastekoa zen bigarren epaiketa Kairon, eta helikopteroz heldu da Mubarak akademia militarrera, baina bi ordu geroago ospitalera itzuli da epaiketa bertan behera gelditu ostean.