Mundua -
Hauteskundeak, bihar
Venezuela, Hugo Chavezen oinordekoa hautatzeko prest
1999tik lehen aldiz Hugo Chavez ez da hautagai izango. Maduro eta Capriles hautagai nagusienak aurrez aurre izango dira presidentetzarako hauteskundeetan.
Erredakzioa
Nicolas Maduro hautagaiak eta Henrique Capriles oposizioko hautagaiak azken 14 urteetako hauteskunde-kanpaina laburrenari amaiera eman diote. Milaka jarraitzailek bi hautagaiak babestu dituzte. Hugo Chavez presidentearen oroitzaipenak hauteskunde-kanpaina markatu du.
Azken hauteskundeak duela sei hilabete egin zituzten. 1999tik lehen aldiz Chavez ez da hautagai izango; izan ere, martxoaren 5ean hil zen. Ondorengoa igandean aukeratuko dute herritarrek.
Chavezen jarraitzaileek Caracasen erdialdea hartu dute Nicolas Maduro ondorengoari babesa emateko. Bestalde, oposizioak Barquisimeto kaleak hartu ditu Lara estatuan (mendebaldea), Capriles laguntzeko.
Elkarretaratze gorria
Madurok hauteskunde-kanpainaren amaiera Chavezi omenaldia egiteko erabili du. Chavezen legatua goraipatu eta proiektu politikoari jarraipena emango diola agindu du bertan.
"Ez dizuet huts egingo, zin dagizuet", adierazi zdu Madurok. Ordu eta erdiko hitzaldia Chavez goraipatzeko erabili du hautagaiak.
Oposizioa
Caprilesek Lara aukeratu du, Henri Falcon kanpaina zuzendaria bertako gobernadorea delako. Botoa erabaki gabe dutenei dei egin die Caprilesek, eta Venezuela berri bat izango dela agindu du.
"Astelehenean Venezuela berri bat izango da. Astelehenean etorkizuneko eta itxaropeneko besarkada eman behar dugu", esan du Caprilesek. Hauteskunde-kanpainan Maduro Chavez ez dela behin eta berriro errepikatu du oposizioko hautagaiak.