Mundua -
Bersaniren porrotaren ostean
Napolitanok denbora hartu du Gobernuaren osaketari buruz hausnartzeko
Bestalde, Pier Luigi Bersani buru duen kontzentrazio Gobernua proposatu du Silvio Berlusconi zentro-eskuindarreko Italiako liderrak.
Erredakzioa
Giorgio Napolitano Italiako Errepublikako presidenteak "hausnarketarako denbora bat" hartzea erabaki du ostiral honetan, Gobernu berria osatzeko Parlamentuko indar nagusiarekin bigarren bilera-sorta amaitu ostean.
Pasquale Cascella Errepulikako Presidentetzako bozeramaileak jakitera eman duenez, Estatuburuak ez du agerraldirik egingo gaur komunikabideen kontsulten berri emateko.
"Presidenteak orain denbora bat hartuko du hausnartzeko eta ez dut horri buruzko ezer gehiago esateko", azaldu die bozeramaileak kazetariei.
Italiako presidentearen kontsulten ohiko praxiak Estatuburuaren agerraldia espero du bilera-sortaren ostean, edota Donato Marra erakundeko idazkari nagusiarena; baina oraingo honetan ez da hala izan.
Italiak orain hiru jaiegun ditu, ondorioz, ez da ezagutzera eman ea bihar izango den agerraldia, edota behin jaiegunak pasata egingo duen. Milango Burtsa, kontsulta horien emaitzen oso menpe, ez da asteartera arte berriro irekiko.
Bersani buru den kontzentrazio Gobernua proposatu du Berlusconik
Pier Luigi Bersani buru duen kontzentrazio Gobernua proposatu du ostiral honetan Silvio Berlusconi zentro-eskuindarreko lider italiarrak. "Alderdi Demokratikoak bere hautagaitza aurkezteari ondo deritzogu, Bersani edo beste bat bada ere", adierazi du Berlusconik Giorgio Napolitano Italiako presidentearekin bildu ostean, AGI Italiako albiste-agentziak jaso duenez.
Gauzak horrela, teknokratek osatutako beste gobernu baten osaketa errefusatu du 'Il Cabaliere'k. "Lehen ministro berria politikaria izan behar da. Nahiko teknikari izan ditugu", esan die Berlusconik bertan bildutako kazetariei.
Ordu eta erdiko bilera izan dute Berlusconik eta Napolitanok. Ondoren, Italiako presidenteak gainerako alderdi politikoekin bilduko da, gobernua osatzeko Bersaniren porrotaren ostean. Horren alderdiak garaipena lortu zuen urtarrilaren 24ean eta 25ean izandako hauteskundeetan, baina oraindik ez ditu gobernua osatzeko babes nahikorik lortu.
Bersaniren porrota
Pier Luigi Bersani Italiako zentro-ezkerreko buruak porrot egin du bere Gobernuko inbestidurarako babesak bilatzeko ahaleginetan, ondorioz, etorkizuneko Gobernuaren inguruko aukera guztiak zabalik daude oraindik, hauteskunde orokorrak izan eta hilabete baino gehiagora.
Giorgio Napolitano Errepublikako presidentearekin egindako bilera batean, Bersanik jakinarazi dio alderdi politikoekin izandako bilera-sortak emaitza "erabakitzailerik" gabe amaitu dela.