Mundua -

Ezkontza homosexualak AEBetan

AEBetako Gorenak gay ezkontzen konstituzionaltasuna aztertuko du

Auzitegiak 8. Proposamena Konstituzioaren aurkakoa dela erabakiz gero, baliteke erabakiak Kalifornian ez ezik beste hainbat estatutan ere eragina izatea.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBetako Auzitegi Gorenak 8. Proposamenaren aldeko zein kontrako argudioak entzungo ditu gaur. Zuzenketa horrek ezkontza homosexualak debekatzen ditu Kalifornian, eta erabakiak herrialdeko beste hainbat estatutan eragina izan dezake.

Herrialdeko instantzia gorenaren bederatzi epailek aztertuko dute sexu berekoen ezkontzen kasua. Epai horren erabakia ekainean kaleratuko dute.

Kalifornian ezkontza homosexualak debekatzen dituen zuzenketa 2008an aurkeztu zuten, estatu horrek sexu berekoen ezkontzak legeztatu eta sei hilabetera. Hala, bi bikote ezkontzeko aukerarik gabe gelditu ziren, eta horiek izan dira demanda aurkeztu dutenak: Kristin Perry eta Sandra Stier, eta Paul Katami eta Jeffrey Zarrillo.

2010ean, auzitegi federal batek zuzenketa Konstituzioaren kontrakoa zela erabaki zuen, eta apelazio-gorte batek epai hori berretsi egin zuen 2012an. Hala, 8. Proposamenaren aldekoek kasua Gorenera eramatea erabaki zuten joan den uztailean.

Auzitegi Gorenak apelazioen auzitegiari arrazoia ematen badio, ezkontza homosexualak legezkoak izango dira Kalifornian.

Hala ere, epaileek epaia Kaliforniara soilik ez mugatzea erabakitzekotan, sexu berekoen ezkontzak debekatzen dituzten estatu-mailako estatutu eta zuzenketa konstituzional guztietan eragina izango luke.

Beste aukera bat erabakia Kalifornian eta sexu berekoen bikoteak nolabait legeztatzea onartu dituzten beste bederatzi estatutan (Delaware, Hawaii, Illinois, New Jersey, Rhode Island, Nevada, Colorado, Oregon eta Wisconsin) aplikatzea izango litzateke. Hala, toki horietan elkarketa horiek ezkontza moduan hartzea eragingo luke.

Barack Obamaren Gobernuak 8. Proposamena Konstituzioaren kontrakoa dela deklaratzea eskatu zion Auzitegi Gorenari otsailaren bukaeran. Eskaera hori Justizia Sailak egin zuen, eta AEBetako 200 enpresak eta dozenaka lider errepublikanok  bat egin dute horrekin.

Gaurko saioak ordubete iraungo du, eta alde bakoitzak 30 minutu izango ditu bere argudioak azaltzeko. Lehenengoak proposamenaren aldekoak izango dira, Charles Cooper abokatuaren eskutik.

Ondoren, Theodore B. Olson Kristin Perryren ordezkaria arituko da, 20 minutuz, eta, horren ostean, Donald Verrilli Obamaren Gobernuaren ordezkariak 10 minutu izango ditu proposamenaren kontra jotzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea