Mundua -
Bere etxean
Boris Berezovsky enpresa gizona hilik topatu dute Erresuma Batuan
Boris Berezovsky Errusiako enpresa-gizonaren gorpua Surrey konderrian, Erresuma Batuan, zuen etxebizitzan aurkitu dute.
Erredakzioa
Boris Berezovsky Errusiako oligarka ezaguna hilda topatu dute Surrey konderriko etxean, BBCk jakitera eman duenez.
Vladimir Putin presidentearen aurkakoa zen.
Oraindik ez dakite nola eta zergatik hil den enpresa gizona.
2000. urtean joan zen Erresuma Batura eta Roman Abramovich errusiarrarekin, Chelsea taldeko jabearekin, liskarra izan zuen.
Iaz, Abramovichen aurkako epaiketa galdu zuen 67 urteko enpresa gizonak. Sibneft petrolio enpresaren akzioak "balio errealaren azpitik" saltzeko mehatxu egin ziola salatu eta 3.750 milioi euro eskatzen zizkion Berezovskyk. Baina, Londreseko Auzitegiak eskakizunak errefusatu zituen.
Boris Yeltsinen Errusian dirutza egin zuten Berezovskyk eta Abramovichek.
Errusiako oligarka (matematikaria aro sobietikoan eta Yeltsinen laguna) kotxeak saltzen hasi zen enpresa gizon gisa eta Putin boterera iritsi zenean, hainbat herrialdeetara ihes egin zuen. Azkenean, Erresuma Batuan hartu zuen babes eta bertan hasi zuen Abramovichen aurkako liskarra.
Alexandr Litvinenko Errusiako agente sekretu ohiaren laguna zen Berezovsky. Litvinenko Londresen hil zen 2006an, pozoituta.