Mundua -
Data
2014ko irailaren 18an izango da Eskoziako independentzia erreferenduma
''Egun historikoa izango da'', esan du Alex Salmondek.
Erredakzioa
Eskoziaren independentziaren inguruko erreferenduma 2014ko irailaren 18an izango da, Alex Salmond Eskoziako ministro nagusiak gaur iragarri duenez.
''Egun historikoa izango da'', esan du Salmondek Parlamentuan egin duen agerraldian. Eskoziako Alderdi Nazionalistako buruak datorren urteko galdeketa arautuko duen legea aurkeztu du diputatuen aurrean. Salmondek azaldu duenez, Britainia Handiko Hauteskunde Batzordeak arautuko ditu erreferenduma, kanpaina eta hauteslekuen eraketa, galdeketa ''nazioarte mailan aintzat har dadin''.
Galdera
Aurretik iragarri dutenez, honako hau izango da erreferendumeko galdeketa: ''Eskoziak independentea izan beharko luke? Bai edo ez''. Behin betiko galdera da hau, Hauteskunde Batzordeak proposatuta. Izan ere, Salmonden alderdiak aurretik "Eskoziak estatu independentea izan beharko lukeen ideiarekin bat zatoz?'' galdera jarri zuen mahai gainean, baina alderdikoia izan litekeela salatu zuten.
Botoa emateko adina
Erreferenduma aurkeztu aurretik, botoa emateko adina 16 urtera jaisteko lege proiektua jorratzen hasi zen orain egun batzuk Holyroodeko Parlamentua. 16 eta 17 urteko gazteekin batera, hauteskunde autonomikoetan eta tokiko hauteskundeetan botoa emateko eskubidea dutenek ere eman ahal izango dute botoa galdeketan.