Mundua -
Italia
Urtebeteko kartzela-zigorra Berlusconirentzat, Unipol auziagatik
Italiako Gobernuko presidente ohia "Il Giornale" bere anaia Paolo jabe den egunkarian legez kanpo egindako entzuteak argitaratzeagatik zigortu dute.
Erredakzioa
Milango auzitegi batek urtebeteko kartzela-zigorra ezarri dio Silvio Berlusconi Italiako lehen ministro ohiari, Unipol auziagatik, Il Giornale bere anaia Paolo jabe den egunkarian legez kanpo egindako entzuteak argitaratzeagatik.
Auzitegiak bi urte eta hiru hilabeteko zigorra ezarri dio Paolo Berlusconiri. Epaileen ustez, biak sekretu profesionala ezagutzera ematearen errudun dira, Il Giornale egunkarian legez kanpoko entzuteak zabaltzeagatik 2005ean. Paolo Berlusconiri rezeptazio delitua ere leporatu diote.
Fiskaltzak urtebeteko kartzela-zigorra eskatu zuen Berlusconirentzat, eta hiru urte eta hiru hilabetekoa Paolo haren anaiarentzat.
Egunkariak Giovanni Consorte Unipol aseguratzailearen presidentearen eta Piero Fassino orduko Ezkerreko Demokrataren alderdiko buruaren (DS) artean izandako hizketaldi bat argitaratu zuen, Banca Nazionale de Lavoro (BNL) kontrolatzeko nahia azalduz.
Fassinoren eta Consorteren arteko elkarrizketa ez zen Fiskaltzaren aktan sartu argitaratu zenean, Poliziaren eta Research Control System (RSC) enpresaren (entzuteak egiten zituen) esku zegoelako.
Fiskalen arabera, Roberto Raffaelli RSCko zuzendariak Berlusconi anaiei grabazioa eskaini zien, Arcocen, Milanetik gertu, lehenengo ministro ohiak duen etxean. Argitalpenaren bidez, fiskalen arabera, Berlusconiren orduko arerio politiko nagusiari kaltetegu egin nahi zioten.