Mundua -

Profila

Hugo Chavez, Hego Amerikako ezkertiarren gidaria

14 urtez boterean egon ostean, eta agintaldia 2019 arte ziurtatuta zuela, oinordeko bat izendatu behar izan zuen, Nicolas Maduro, heriotza eragin dion minbiziak okerrera egin zuenean.

Hugo Chavez. Argazkia: EFE
Hugo Chavez. Argazkia: EFE
Hugo Chavez. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

14 urtez boterean egon ostean, Hugo Chavez Venezuelako presidentea bidegurutze zailean jarri zen: 2019ra arteko agintaldia lortu berri zuen herritarren babes zabalarekin, baina oso zail zuen gauzatu ahal izatea, minbiziagatik ebakuntza egin ondoren, gaixotasunak okerrera egin zuelako.

Laugarren agintaldiari ekiteko hilabete eskas geratzen zenean, Venezuelako presidentea ohartu zen gaixotasuna bere ibilbidea eteteko bezain larria izan zitekeela, eta, ondorioz, oinordekoa izendatu zuen: Nicolas Maduro presidenteordea.

Chavez Venezuelako historiaren azken urteetako pertsona garrantzitsuena da, eta Hego Amerikan ezkertiarren mugimendua indartu duena, XXI. mendeko sozialismoaren sustatzaile nagusia.

Boterean eman zituen 14 urteetan zailtasunei aurre egin ahal izan zien agintari moduan agertu zen, eta porroten aurrean, irakurketa positiboa transmititzeko gaitasuna zuen.

Bi une garrantzitsuk markatu zuten bere ibilbide politikoa: 1992ko estatu-kolpearen saiakera Carlos Andres Perez presidentearen kontra (porrot egin zuen eta preso egon zen), eta, 2002an, presidente zenean, egin zioten estatu-kolpea, 48 orduz agintetik kanpo utzi zuena.

Baina bada bizitza politikoa bakarrik ez, bere biziraupena ere kolokan jarri zuen kolperik ere: minbizia. 2011ko ekainaren 30ean iragarri zuen gaixorik zegoela, telebistan. Baina aurreko bi gertakariei bezalaxe minbiziari ere aurre egingo ziola hitzeman zuen.

Irekia, karismaduna... Chavezek ikuskizuna eman zuen agintean (telebista saioa zuen), eta txiroen defendatzaile, aberatsen zigor, Simon Bolivarren oinordeko eta AEBen etsai moduan aurkeztu zuen bere burua.

Chavezen diskurtsoan nazionalismoa, Jesukristo, Che Guevara, Mao, Miranda, Tupac Katari eta Marx zeuden; nahasketa zaila da, baina Chavezek bere egin zuen.

Garaipen politikoak

1998an hasi zen Chavezen aroa Venezuelan. Boterera iritsi eta hartu zuen lehenengo neurrietako bat Konstituzioa aldatzea izan zen, berriro presidentegai izan ahal izateko, eta herritarren babes zabala jaso zuen. Ekonomiaren hainbat sektore nazionalizatzea ere izan zen beste neurrietako bat, garrantzitsuena, agian.

Izan ere, Chavezen proiektu sozialista gauzatzeko ezinbestekoa izan zen petrolio ustiapena nazionalizatzea, munduko ekoizle handienetakoa baita. Baliabide horiei esker laguntza sozialak eman ahal izan zizkien herritarrei, eta horrek herritarren babesa eman zion.

1998tik egin zituen 14 kanpainetatik bi bakarrik galdu zituen, eta alde txikiarekin gainera.

Biografia

Barinaseko, nekazaritza oinarri duen estatu bateko, guraso nekazarien zazpi semeetako bigarrena zen Hugo Rafael Chavez Frias, eta 1954ko uztailaren 28an jaio zen, Sabanetan. Chavezek behin baino gehiagotan esan zuen haurtzaro zoriontsua izan zuela, nahiz eta adobezko etxe batean bizi. AEBetan beisbolean jokatzeko asmoarekin, Chavezek Akademia Militarrean izena eman zuen, 1971n, baina ez bokazioz, entrenatzaileak jokalari profesional izaten lagunduko ziola esan ziolako baizik.

Azkenean, ez zuen lortu bere helburua, baina Akademia Militarrean lizentziatu zen. Lehenengo emaztearekin hiru seme-alaba izan zituen, eta gero beste emakume batekin ezkondu zen eta alaba bat gehiago izan zuen.

1992an, estatu kolpea ematen saiatu zenean, "oraingoz" porrot egin zuela esan zuen, etorriko zena aurreikusita. 1994an, kartzelatik irten zen, Armada uzteko baldintzapean, eta ibilbide politikoari ekin zion.

Sona handiko agerraldiak

Azken urteotan, Chavez nazioarteko politikaren pertsona garrantzitsuenetako bat izan da, egindako adierazpen eta agerraldi polemikoengatik batez ere.

Azkena, Espainiako erregeak Iberoamerikako Goi-bileran isiltzea agindu zionekoa. Zapatero hitz egiten ari zen bitartean, Chavez ez zen isildu, eta, orduan, Juan Carlos erregeak Zapateroren hitzaldia moztu eta "zergatik ez haiz isiltzen?" bota zion Venezuelako presidenteari. Esaldi hura mundu osoko hedabideek jaso zuten.

Urtebete lehenago, 2006an, Chavezek Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrean parte hartu zuen, George Bush AEBetako presidente ohiak hitz egin zuen leku berean. Chavezek etsai nagusiari eraso egiteko aukera aprobetxatu zuen, eta honakoa bota zuen: "Etsaia etxean dugu. Atzo deabrua hemen izan zen. Sufre usaina dago hemen".

Minbizia sendatzeko Kuban egindako tratamenduetan, beti izan ditu aldamenean Castro anaiak, eta Fidelekin duen laguntasun harremana oso ezaguna izan da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea