Mundua -
Italiako hauteskundeak
Beppe Grillok ez du Bersaniren inbestidura babestuko
5 Izar Mugimenduak ez du inongo alderditako inbestidura babestuko, Grillok berak iragarri duenez. Gobernua osatzeko, Grilloren mugimenduarekin akordioa egitearen alde azaldu zen atzo bertan Bersani.
Erredakzioa
Beppe Grillo umoristaren 5 Izar Mugimenduak (M5S) ez du Pier Luigi Bersaniren inbestidura babestuko, Grillok berak baieztatu duenez.
Twitterren idatzitako mezu batean argitu duenez, 5 Izar Mugimenduak ez du Bersaniren inbestidura babestuko, eta ezta inongo alderdien ordezkariaren inbestidurarik ere.
"M5Sk ez dio inongo konfiantza botorik (hala ezagutzen dute Italian inbestidura) emango Alderdi Demokratari, baina ezta beste alderdietako ordezkariei ere'', idatzi du Grillok.
Atzo bertan lehen agerraldia egin duen Barsanik, eta Grilloren mugimenduarekin akordioa lortzearen alde agertu zen, Gobernua eratzeko asmoz.
Siziliako eredua
Hauteskundeen ondoren Italiak gobernagarritasuna bermatzeko duen arazoaren aurrean, eta hauteskundeak errepikatu beharra ekiditeko, Siziliako eredua izan daiteke irtenbidea.
Bertan, zentro-ezkerra dago agintean, eta unean-unean, eta legez lege, M5S mugimenduarekin negoziatu ohi du, babesa lortzeko.