Mundua -

Hauteskunde orokorrak Italian

Nor da Beppe Grillo, Italia hankaz gora jarri duen umorista

Sistemaren aurkakoa den umorista honek ezustea eman du, eta bere alderdia bozkatuena izan da (koalizioak kontuan hartu gabe), botoen % 25 lortuta.

Beppe Grillo. EFE
Beppe Grillo. EFE
Beppe Grillo. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beppe Grillo umoristak emaitza ikusgarriak lortu ditu Italiako hauteskunde orokorretan, kanpainan zintzotasunaren eta 'antipolitika'ren alde egin eta gero.

Mezu horrekin, jarraitzaile asko bereganatu ditu, bai kalean, bai sare sozialetan, eta, ondorioz, bere alderdia, 5 Izar Mugimendua (M5S), bozkatuena izan da, koalizioak kontuan hartu gabe, botoen % 25 eskuratuta.

"Zintzotasuna boladan egongo da", adierazi du Grillok, hauteskundeen emaitzak ezagutu eta gero Twiterren idatzitako lehen txioan.

Hauteslekuek kolokan jarri dute herrialdearen gobernagarritasuna. Izan ere, Kongresuan Pier Luigi Versanik gidatutako zentro-ezkerreko koalizioa gailendu da, baina Senatuan ez dago gehiengorik, eta alderdiek akordioa lortu ahal izateak ezinezkoa dirudi.

Ohiko alderdien aurrean, M5S Beppe Grilloren mugimendua hirugarren bidea izan da. Ez da mugimendu apolitikoa, "antipolitikoa" baizik, eta euroaren eta murrizketen aurkako jarrera irmoa erakutsi du.

Mugimendu horren arrakasta sare sozialetan garatu zen, baina hauteslekuetan gauzatu da. Gaur gauean, ospakizunak handiak izan dira Twitterren: "Erroma har dezagun", "Grilloren garaipena argi zegoen, norbait harritu bada, azken urtean kalera atera ez den seinale izango da"... Jarraitzaileek Twiterren idatzitako mezu batzuk baino ez dira horiek.

Kanpainan, Grillok errepidea hartu eta Italia osotik ibili da, bere proposamenak azaltzen. Karabana batean izan den hautagai bakarra izan da.

Mitinetan energia handia erakutsi du, eta ustelkeriaren aurkako hitzaldi biziak eman ditu. Gainera, Siziliako eskualdeko Parlamentuan dituen 15 diputatuek euren soldata % 70 jaitsi dutela gogorarazi du.

Bere proposamenetako bat, Parlamentuan sartzeagatik jasoko dituen 100 milioi euroak "itzultzea" da.

Bestalde, 50.000 pertsonak proposamen bat sinatuz gero, hori Parlamentuan nahitaez eztabaidatu behar izatea ere proposatu du.

M5S mugimenduaren hautagaien % 40 emakumeak dira, gainerako alderdien kasuan ez bezala, eta hautagai guztiak Internet bidez hautatu ditu, etxeko andreen, ikasleen eta langabeen artean. Horien artean, ez dago politikari profesionalik.

Bere indarraren erakusle, ostiralean Erromako San Joan plazan eman zuen mitina: 70.000 pertsona bildu zituen, eguraldi txarra egiten zuen egun batean, gainerako hautagaiak espazio txikietan zeuden bitartean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea