Mundua -
Hauteskunde orokorrak Italian
Hauteskundeek dudak piztu dituzte Italia gobernatzeko demaren aurrean
Kongresuan, zentro-ezkerra gailendu da, baina, Senatuan, gaur egun ezinezkoak ematen duten akordioak egin beharko lituzkete gehiengoak sortzeko.
Erredakzioa
Italiako gobernagarritasuna kolokan dago, hauteskunde orokorren ostean. Botoetan, zentro-ezkerra gailendu da, baina Senatuan inork ez du gehiengo argirik lortu, Silvio Berlusconi lehen ministro ohiaren koalizioa (zentro-eskuina) igo egin baita.
Boto kontaketa estuan, Italiako hauteskunde sistema bereziak zeresana izan du berriro, 2006ko hauteskundeetan bezala: boto gehiago lortu ez dituen arren, Berlusconik Senatuan aulki gehiago lortzea ahalbidetu du herrialdeko hauteskunde legediak, eta zentro-ezkerrak gobernua eratzea zaildu du horrela.
Partaidetza % 75,17koa izan da; 2008ko hauteskundeetan, aldiz, % 5,33 handiagoa izan zen. Italiako Errepublikan inoiz neguan egindako lehen hauteskundeak izan diren hauetan, Beppe Grillo Parlamentuan indarrez sartu dela ikusi dute italiarrek: boz gehien pilatu dituzten alderdietan bigarrena izan da harena. Mario Monti teknokratak laugarren postua lortu du, hamahiru hilabetean Bruselak txalotutako murrizketa neurriak aplikatu eta gero.
Botoen % 90 baino gehiago zenbatuta, Senaturako, Pier Luigi Bersaniren zentro-ezkerra izan da garaile; botoa eman dutenen % 31,79k egin dute haien aldeko hautua.
Bigarren postuan, distantzia txikira, Berlusconi geratu da. 2011ko azaroan dimititu ostean, bere koalizioaren Senaturako zerrendako buru izateko itzuli da politikara Il Cavaliere.
Hirugarren lekuan, Grillo (Bost Izarren Mugimendua) geratu da, koalizioak bazter batean utzita, alderdietan bigarren (% 23,75), Bersaniren Alderdi Demokrataren atzetik. Monti laugarren izan da (% 9,16).