Mundua -

Ural mendietan erori da

Mila pertsona inguru zauritu dira Errusian, meteorito bat erorita

Meteoritoak izua ekarri du herritarren artean. Baliteke Errusiako Armadak meteoritoaren aurka misilak jaurti izana. Zaurituetatik 200 haurrak dira.

Errusian erori den meteoritoa. EITB
Errusian erori den meteoritoa. EITB
Errusian erori den meteoritoaren irudi ikusgarriak

1:14

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mila pertsona inguru zauritu dira Ural mendietan (Errusia), meteorito bat erorita, RIA Novosti Estatuko albiste agentziaren arabera. Gutxienez hiru larri daude eta 200 haurrak dira.

Meteoritoa Satka hiritik 80 kilometrora erori da, 09:20an (04:20, Euskal Herrian), eta eztanda handia eragin du, lekukoen esanetan. Hasieran, eroritakoa hegazkin bat zela uste izan zuten.

Meteoritoaren zatiek gutxienez sei hiritan egin ditu kalteak.

Agintariek segurtasun neurriak zorroztu dituzte azpiegituretan eta instalazio nagusietan.

Hedabideek meteorito-euria izan dela esan dute, baina Larrialdietarako Ministerioak ukatu egin du: "Ez da meteorito-euria izan, meteorito bakarra erori da, baina desegin egin da atmosferan sartzean".

Meteoritoak izua ekarri du herritarren artean. "Beldur handia izan da. Herritarrek ez zekiten zer gertatzen ari zen. Denak etxera joaten ziren, bizilagunak ondo zeuden galdetzeko", azaldu du lekuko batek. "Eztanda bat ikusi dugu, kalera atera gara zer gertatzen ari zen jakiteko, eta orduan burrunba bat entzun dugu", gaineratu du, Associated Press agentziari telefonoz egindako adierazpenetan.

Hainbat metrotako meteoritoa

Metorikoa hainbat tonatakoa eta hamarka metrotakoa zen, Errusiako hedabideek aipatutako zientzialarien arabera.

"Meteoritoa handi samarra zen, baliteke hamarka metro luzekoa izatea. (...) 50 metro baino gutxiagokoak ia erabat desegiten dira atmosferan, eta hala gertatu ezean, erraustu egiten dira. Horregatik, zati txikiak iritsi ohi dira Lurrera", azaldu du Nikolai Zheleznov zientziakariak.

Serguei Smirnov adituak ere uste du meteoritoa "hamarka tonatakoa" zela, eta seguru aski "argi eta garbi" ikuzi zitekeela begi-bistan.

Errusiako hedabideen arabera, meteorito puxkak 20 zentimetrokoak eta kilo batekoak ziren.

Armadak eraitsia?

Russia Today telebista katearen arabera, baliteke Errusiako Aire Armadak meteoritoaren aurka tiro egin eta eraitsi izana. Horren ildotik, "hainbat misil" bota dituztela zehaztu du. Iturri ofizialek, baina, ez dute baieztatu.

Asteroide bat Lurretik gertu

Hain justu, gaur iluntzean asteroide bat Lurretik oso gertu igaroko da. Inoiz baino gertuago, baina talka arriskurik gabe. Dena dela, Europako Espazio Agentziak (ESA) baztertu egin du Errusian erori den meteoritoak honekin lotura izatea.

Asteroidea 20:24ean (Euskal Herriko ordua) igaroko da Sumatra (Indonesia) gainetik, eta gizateriak bidalitako 400 satelitetik 8.000 kilometrora kokatuko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea