Mundua -

Bortxaketa

Epaiketa azkarra egingo dute Indian, kaleko protestek eraginda

Ateak itxita eta bide azkarrari jarraituz egitea erabaki du gaur epaileak. Baliteke akusatuei heriotza zigorra ezartzea.

Protesta ugari egin dituzte Indian, bortxaketa salatzeko. EFE.
Protesta ugari egin dituzte Indian, bortxaketa salatzeko. EFE.
Protesta ugari egin dituzte Indian, bortxaketa salatzeko. EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Indiako 23 urteko emakume baten bortxaketa epaituko duen New Delhiko auzitegiak ostegunean jarraituko du epaiketarekin. Ateak itxita eta bide azkarrari jarraituz egitea erabaki du gaur epaileak.

Goizean, epailearen aurretik igaro dira ustez 23 urteko emakumea bortxatu eta larriki zauritu zuten bost gizonezkoak. Neska hil egin zen handik egun batzuetara, eta kasuak eztabaida handia eragin du Indian, sexu-erasoak gehienetan zigorrik gabe geratzen baitira bertan.

Bortxaketa eta hilketa delituak leporatu dizkie epaileak bost gizonezkoei, ikusmin handia eragin duen bistan. Seigarren akusatuak 17 urte ditu, eta, ondorioz, adingabeen zentro batean sartu dute.

Epaileak jakinarazi duenez, epaiketa azkarra izango da. Prozedura hau ezohikoa da, kalean izan diren protestek eraginda. Indian aurrekaririk ez duten protestak izan dira, sexu-erasoen aurka zigorrak ezartzeko eskatzeko.

Baliteke akusatuei heriotza zigorra ezartzea. Tokiko agintarien esanetan, epaiketa arin egingo dute: egunero egingo dira saioak, eta 30 bat lekukok eskainiko dute bere testigantza, biktima artatu zuten hainbat medikuk besteak beste.

Datu ofizialen arabera, 2011. urtean 228.000 bortxaketa salaketa aurkeztu ziren Indian, eta horietatik 30.000 kasutan soilik ezarri zieten zigorra ustezko erasotzaileei.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea