Mundua -
Polemika Indian
Indian bortxatutako ikaslearen aitak biktimaren izena iragarri du
"Nire alabaz harro nago. Bere izena esateak adorea emandgo die horrelako egoeretatik bizirik atera diren emakumeei. Nire alabarengan kemena aurkituko dute", azaldu du.
Erredakzioa
New Delhin bortxatu eta torturatu zuten ikaslearen aitak alabaren izena iragarri du Erresuma Batuko hedabide batean, horrek beste emakume askori "adorea" emango diela uste duelako. Biktimaren izena Jyoti Singh Pandey da.
Fisioterapiako ikasle gaztea Singapurreko ospitale batean hil zen, sei gizonek autobus batean bortxatu eta torturatu ostean. Ondoren, ibilgailutik errepidera bota zuten, berarekin zihoan lagun batekin batera.
Gaur arte, biktimaren izena sekretupean gorde dute, eta hedabideek "Amanat" izena erabili dute hildakoaz ari zirenean, nahiz eta beste zenbait izen ere erabili dituzten.
Hala ere, eta The Sunday People hedabide britaniarrean egindako elkarrizketan, Badri Sing Pandey neskaren aitak "mundu guztiak benetako izena jakin dezan" nahi izan du.
"Nire alabaz harro nago. Bere izena esateak adorea emandgo die horrelako egoeretatik bizirik atera diren emakumeei. Nire alabarengan kemena aurkituko dute", azaldu du 53 urteko gizonak.
Erasotzaileak "urkatzea" nahi du
Elkarrizketa berean, Badrik esan du lehen momentuan errudunak "aurrez aurre" ikusi nahi zituela, baina gero ideiaz aldatu zuela.
"Nahi dudan gauza bakarra epaileek zigortu dituztela eta urkatu egingo dituztela entzutea da", adierazi du biktimaren aitak, eta "seiak hiltzea" nahi duela onartu du, "basati" hutsak direlako.