Mundua -
Handik astebetera hil zen
Indiako gaztea bortxatu eta hiltzeagatik bost akusatu inputatu dituzte
Seigarren akusatua adingabeen zentro batean sartu dute. Epaileak hainbat delitu inputatu dizkie, tartean, bortxaketa eta hilketa. Baliteke akusatuei heriotza zigorra ezartzea.
Erredakzioa
New Delhiko auzitegi batek sei akusatuetatik bost inputatu ditu joan den hilean autobus batean 23 urteko neska bat bortxatzeagatik. Ustezko erasotzaileek eragindako zauriengatik handik astebetera hil zen neska.
Saket Indiako hiriburuko hego-zonaldeko Namrita Aggarwal epaileak Poliziak aurkeztutako delituen zerrenda hartu eta akusatuak astelehenean auzitegira joateko agindu du. Seigarren akusatuak 17 urte ditu, eta ondorioz, adingabeen zentro batean sartu dute.
Epaileak delitu ugari inputatu dizkie, tartean, bortxaketa eta hilketa. Baliteke akusatuei heriotza zigorra ezartzea. Tokiko agintariek diotenez, epaiketa arin egingo dute: egunero saioak egingo dira, eta 30 bat lekukok eskainiko dute bere testigantza, biktima artatu zuten hainbat mediku barne.