Mundua -

Venezuela

Chavezek arnasteko arazoak ditu, biriketako infekzio baten ondorioz

Venezuelako Gobernuak Chavezen osasun egoerari buruzko datu berriak eman ditu, Madurok "aurki" herrialdean izango dela esan eta gero.

Hugo Chavez Venezuelako presidentea. EFE
Hugo Chavez Venezuelako presidentea. EFE
Chavezek arnasteko arazoak ditu, biriketako infekzio baten ondorioz

1:16

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hugo Chavez Venezuelako presidenteak arnasteko arazoak ditu, "biriketako infekzio larri" baten ondorioz, iturri ofizialek jakinarazi dutenez.

"Abenduaren 11n [minbizia kentzeko] egindako ebakuntzaren ostean, Chavez komandanteak hainbat arazo izan ditu, biriketako infekzio larri baten ondorioz", iragarri du, hain zuzen ere, Ernesto Villegas Venezuelako Gobernuko Komunikazio ministroak.

"Infekzio horren ondorioz, arnasteko arazoak sortu zaizkio, eta, beraz, Chavez komandanteak tratamendu mediku zorrotza bete behar du", gaineratu du.

Villegasek medikuengan konfiantza duela adierazi du, "arazo guztien aurrean zorrotz" ari baitira.

Ministroak "Venezuela ezegonkortzeko nazioarteko hedabideek hasitako gerra psikologikoa" salatu du, eta venezuelarrek urriaren 7ko hauteskundeetan agertutako borondatea (Chavezek irabazi zuen, aise) "ez ezagutzea" egotzi die.

Komunikazio ministroak Chavezen egoeraren berri eman baino lehen, Nicolas Maduro presidenteordeak agintaria aurki egongo dela bueltan esan zuen.

Chavezi abenduaren 11n egin zioten ebakuntza, laugarrenez, iaz atzeman zioten minbizia suspertu egin dela egiaztatu eta gero. Habanan (Kuba) dago, tratamendua jasotzen.

AEBek ukatu egin dute trantsizioa prestatzen ari direla

Bestalde, eta hainbat hedabidek zabaldutako informazioari erantzute aldera, AEBek ukatu egin dute Venezuelan balizko trantsizio bat diseinatzen ari direla, izan ere, hainbat mediok azaldu du harremanetan daudela funtzionario venezuelarrak AEBetakoekin Chavez hil osteko trantsizioa bideratzeko.

"Ez dugu pentsatzen AEBetan Venezuelako trantsiziorako irtenbidea egon daitekeenik. Venezuelarrek soilik har ditzakete erabaki horiek", adierazi du Victoria Nuland Estatu Departamentuaren bozeramaileak prentsaurreko batean.

Nulandek ez du baieztatu Madurorekin harremanetan ote dauden, baina "mundu osoko herrialde guztien kasuan bezalaxe" Estatu Departamentuak "sektore politiko venezuelar guztiekin" hitz egiten duela azpimarratu du.

Sozialismorako trantsizioa dago soilik

Nicolas Maduro Venezuelako presidenteordea gaur itzuli da Kubatik Hugo Chavezen aldamenean egon ostean, eta honakoa esan du: "Hemen trantsizio bakarra dago eta duela sei urte baino gehiago hasi zen Hugo Chavez iraultza bolivariarraren gidariaren eskutik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea