Mundua -
Singapurren
6 gizonek autobusean bortxatu zuten Indiako gaztea hil egin da
New Delhiko gaztea bortxatu zuten sei gizonezkoei homizidioa egotziko die Indiako Poliziak.
Erredakzioa
Singapurren bortxatutako Indiako gazte unibertsitarioa hil egin da bart eta gorpua bere herrialdera eramango dute gaur, Indiako diplomazia misioak adierazi duenez.
Indiako enbaxadoreak prentsaurrekoa eman du berria emateko; Gobernuaren hegazkin berezi batean eramango dute gaztearen gorpua New Delhira. Bertan, Indiako erritua jarraituz erraustuko dute.
"Amanat" ezizena jarri diote komunikabideek hilaren 16an bost gizonezkok eta adingabeko batek bortxatu zuten gazteari. 23 urteko fisioterapiako ikasleari hiru ebakuntza egin zizkioten baina azkenean, ezin izan dute ezer egin haren bizia salbatzeko.
Erasoak protesta ugari eragin ditu New Delhin eta liskar latzak egon dira; protesta horietan polizia bat hil da eta 143 lagun zauritu dira.
Bortxaketan parte hartu zuten sei lagunak eta autobuseko gidaria atxilotuak izan ziren eta urtarrilaren 3an epailearen aurretik pasatuko dira, gizarteko presioak agintariei prozesua azkartzera behartu ostean.
Auziaren ikerketa poliziaren hilketa argitzen saiatuko da baita ere, "gorputz barnean zauriak" jasan ostean, bihotzekoak jota hil baitzen.
Heriotza ez da alferrikakoa izango
Indiako agintariek atsekabea azaldu dute eta gaztearen heriotza alferrikakoa izango ez dela ziurtatu dute.
Pranab Mukherjee Indiako presidenteak eta Barne ministroak "horrelako gertaerak errepika ez daitezen" lan egingo dutela gaineratu dute.
"Akusatutakoek zigor handiena izango dute", ziurtatu dute.