Mundua -
Erriflearen Elkarte Nazionala
AEBetako ikastetxeetan armadun poliziak jartzea proposatu du NRAk
Armak dituztenen izen ona zikintzea egotzi die komunikabideei Erriflearen Elkarte Nazionaleko presidenteordeak. Obamak ''erreforma errealak'' proposatu ditu armek eragindako indarkeriaren aurrean.
Erredakzioa
Ikasleak babesteko, AEBetako ikastetxeetan armadun poliziak jartzea proposatu du Wayne LaPierre NRA Erriflearen Elkarte Nazionaleko presidenteordeak. Halaber, armak dituztenen izen ona zikintzea egotzi die komunikabideei Newtowneko sarraskiaren ondoren egin duen lehen agerraldian.
"Gure seme-alabak urtarrilean eskolara itzultzen direnerako AEBetako ikastetxe guztietan armadun Polizia agenteak egon daitezen beharrezkoak diren baliabide guztiak martxan jartzea eskatzen diot Kongresuari'', esan du LaPierrek.
NRA elkarteko ordezkariaren ustez, urgentziazko neurria da eskatzen ari direna, Barack Obama presidenteak armen inguruan onartu nagi duen legediaren aurrean.
"Arma bat soinean duen tipo gaizto bat geldiarazi dezakeen bakarra armadun tipo on bat da'', esan du LaPierrek, eta bere elkarteak armak erabiltzen irakasteko ekimena martxan jarriko duela iragarri du.
''Egongo da denbora eztabaidatzeko eta hitz egiteko'', gaineratu du.
Haren ustez politikoek ez dute ''eskubiderik'' ezta ''gaitasunik'' ere ''geure burua eta maite ditugunak defendatzeko daukagun eskubidea bertan behera uzteko''.
Azkenik, indarkeria sustatzea egotzi die pelikulei eta bideojokoei.