Mundua -
Tragedia AEBetan
Newtownen hildako haur guztiek hainbat tiro jaso zituzten
"Ez dut inoiz horrelakorik ikusi", esan du auzitegiko medikuak, "batzuek zauri ikaragarriak zituzten". Sarraskiaren biktimen familiei bisita egingo die gaur Obama presidenteak.
Erredakzioa
Ostiral honetan Newtowneko eskola batean izandako tiroketan hildakoen gorpuak aztertu ostean Wayne Carver Connecticuteko Auzitegiko Medikuen Bulegoko zuzendariak adierazi duenez, "ez dut inoiz horrelakorik ikusi".
"Ez daukat hildako guztien xehetasunik, baina batzuek zauri ikaragarriak zituzten", azaldu du Carverrek komunikabideen aurrean eskainitako prentsaurrekoan, "ez dut uste nire lankideek horrelakorik ere inoiz ikusi izatea".
Guztira, 27 lagun, tartean 20 haur eta tiroketaren egilea, hil dira ostiral honetan Sandy Hook lehen hezkuntzako ikastetxean izandako sarraskian.
Auzitegiko medikuak azpimarratu duenez, hildakoek tiro bat baino gehiago jasan zuten. Halaber, eskolara joan aurretik, ustezko hiltzaileak ama ere hil zuela egiaztatu zuen.
Obamaren bisita
Bestalde, Barck Obama AEBetako presidenteak biktimen familiei egingo die gaur bisita. "Hil diren senitartekoekin egotea eta sarraskiaren hasierako momentuetan laguntza eskaini zutenei eskerrak ematea" izango da bisitaren helburua, Jay Carney Etxe Zuriko bozeramaileak jakitera eman duenez. Gainera, 19:00etan bertako orduan "familientzako egingo diren hainbat sinesmenetako birlijia batean parte hartuko du presidenteak".
Ostiraleko tiroketaren ostean, zeharo hunkituta, hitzaldia eskaini zuen Obamak. "Etorkizunean horrelako tragediak berriro ez gertatzeko neurri garrantzitsuak hartu behar izango ditugu", esan zuen presidenteak, "tragedia gehiegi sufritu ditugu azken urteetan, ez dago mina adierazteko hitz nahikorik".