Mundua -

AEBen ustez

Ipar Koreako koheteak objektu bat jarri omen du orbitan

Txinak, AEBek eta Japoniak, besteak beste, helmen handiko kohetearen jaurtiketa gaitzetsi dute.

Unha-3 misila.
Unha-3 misila.
Unha-3 misila.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ipar Koreak jaurti duen helmen handiko koheteak "lurreko orbitan objektu bat" jarri omen du, NORAD Defentsa Aeroespazialaren Ipar Amerikako Aginteak ohar batean esan duenez.

NORADen sistemaren misilen alertarako zerbitzuak Unha-3 kohetearen ibilbidea atzeman eta jarraitu duela esan du, hemengo 00:49ean, eta ordu berean, Hego Koreak eta Japoniak jaurtiketaren berri eman dute.

Ipar Korearen erregimenak "behaketa satelite bat orbitan jartzeko helburu baketsua duen operazioa" defendatu du eta "arrakastatsua" izan dela adierazi du. Seulek, Washingtonek eta Tokiok, besteak beste, "misil balistiko baten ezkutuko proba" dela esan dute. Hiru Gobernu horiek operazioa gaitzetsi dute, eta oraingoan, Txina batu da, Piongiangen ohiko aliatua.

Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 1718 eta 1874 ebazpenek proba nuklearrak eta misilenak ez egiteko eskatzen dute. NORADen informazioa berretsiz gero, lehen aldia litzateke Piongiangek orbitan satelite bat jarri duela. Aldez aurretik birritan saiatu da teknologia antzekoarekin, erregimenak adierazi izan duen bezala.

'Operazio arrakastatsua'

Ipar Koreako agintariek jakinarazi dutenez, satelitea orbitan jartzeko operazioa "arrakastatsua" izan da "zuen helburua lortu duelako".

Satelitea orbita polarrean sartu da hemengo 00:59ean, jaurtiketa egin eta 9 minutu eta 27 segundura.

"'Kwangmyongsong-3 satelitearen bigarren bertsioa Sohae zentro espazialetik atera da, Unha-3 kohetearekin, eta ondoren, orbitan sartu da", KCNA albiste agentzia ofizialaren arabera.

Sorpresaz hartu dute jaurtiketa nazioartean, astelehenean, "akats teknikoengatik", Ipar Koreako agintariek satelitea jaurtitzeko epea abenduaren 22 eta 29 bitartera atzeratu baitzuten.

Europar Batasunak 'erantzun egokia' aztertuko du

Catherine Ashton Europako Batasuneko kanpo harremanetarako ordezkariak ohartarazi du "bazkideekin kontsulta egin eta gero, Europar Batasunak erantzun egokia" aztertuko duela, misilaren jaurtiketa nazioarteko betebeharren "urraketa garbia" dela iritzita.

Segurtasun Kontseiluari neurrizko erreakzioa eskatu dio Txinak

Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari "neurrizko erreakzioa" izateko eskatu dio Txinak, Piongiangen jarrera gaitzetsi ostean.

"Segurtasun Kontseiluko erantzunak zuhurra izan behar du eta neurrizkoa Korean bakea eta egonkortasuna mantentzeko", adierazi du Hong Lei Txinako Kanpo Gaietarako Ministerioko bozeramaileak.

Jaurtiketa 'desafioa' dela dio NBEk

Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari orokorrak Ipar Koreak jaurtitako kohetea gogor kritikatu du, Nazio Batuen ebazpenak "urratzen" dituela eta nazioarteari "desafioa" egiten diola argudiatuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea