Mundua -

Minbiziak jota

Hugo Chavezen ebakuntza 'arrakastatsua' izan da

Nicolas Maduro presidenteordeak telebistan adierazi duenez, sei ordu baino gehiagoko ebakuntzaren ostean, presidentea dagoeneko ospitaleko logelan dago.

Argazkia: EITB
Hegoamerikako ordezkariek elkartasuna erakutsi diote Hugo Chavezi

01:12

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hugo Chavez Venezuelako presidenteari minbiziaren aurka egindako ebakuntza "arrakastatsua" izan da. Sei ordu baino gehiagoko ebakuntza izan da eta presidentearen gertukoek tentsio uneekin bizitu dute.

Nicolas Maduro presidenteordeak telebistan eta irratian adierazi duenez, ebakuntza arrakastatsua izan da eta presidentea dagoeneko logelan dago.

Nicolas Maduroren hitzen arabera, "lesio zaharrak zeuden toki berean agertu den mina sendatzeko sei ordu baino gehiagoko ebakuntza egin ostean, amaitu dela esan dezakegu". Chavezen gobernu osoarekin batera azaldu da Maduro eta "kezka eta tentsio uneak" bizi izan dituztela onartu du. Halaber, 1999az geroztik boterean dagoen 58 urteko presidentearen osasunaren alde "otoitz" egiten egon direla azaldu du.

Orain ebakuntza osteko aroa hasten dela adierazi du "gure herrialdeko, Kubako eta munduko beste tokietako medikuen eta adituen tratamendu bereziekin".

Ez du honen inguruko xehetasunik eman, baina "egun batzuk iraungo" dituela azaldu du. Gobernuak egunero emango du presidentearen osasunaren berri.

Venezuelako presidentea Habanan dago igandeaz geroztik ebakuntza egiteko. 2011ko ekainean minbizia atzeman zioten Chavezi pelbis inguruan, baina oraindik ez dute publikoki argitu, zehazki gaitza non duen eta horren nolakotasuna.

Berriz ere gaitza agertu zitzaiola iragarri zuen Chavezek larunbatean, eta Nicolas Maduro izendatu zuen bere oinordeko gisa, ebakuntzaren ondoren gobernuburu izaten jarraitu ezin badu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea